Bizkaiko txakolina sustatzeko ibilbideak antolatu dituzte
Bizkaiko bost eskualdetako erakargarri turistiko nagusiak ikusteko bisitak eta eskualde horietako upategiak ezagutzeko aukera eskainiko dute asteburuan; Busturialdea eskualdeetako bat da.
Bizkaiko txakolina sustatzeko asmoz, Bilbao Bizkaiak Txakolibusak antolatuko ditu asteburuan. Hala, bost eskualdetatik ibilbide desberdinak egingo dituzte: Busturialdea, Uribe Kosta, Nerbioi, Enkarterri eta Durangaldea.
Ibilbide horietan, eskualdeetako erakargarri turistiko nagusiak ikusteko aukera egongo da, bai eta eskualde horietako upategiak ezagutzeko ere. Azaldu dutenez, bisitariek aukera izango dute txakolinagaz lotutako esperientzia turistiko batean murgiltzeko, era horretako ardo mota desberdinak dastatzeko eta “esperientzia paregabea” bizitzeko: “Txakolinaren ekoizpen eta elaborazioarekin eta haren inguruko jarduerekin lotutako guztia ezagutzeko aukera egongo da”. Bisitak asteburuan egingo dituzte (irailak 17 eta 18), eta erreserbak egin daitezke Bilbao Bizkaiaren webgunean.
Gure eskualdea bisitatzen dutenek, Gaztelugatxeko San Juan, Bermeo, Ekoetxea Urdaibai eta Gernikako Batzar Etxea bisitatuko dituzte. Era berean, produktuak probatu eta dastatu ahalko dituztela azaldu dute antolatzaileek.