Arrolapetarrak maila onean aritu dira Canfrancen
Arrolape Mendi Klubeko parte hartzaileak Canfranc-Canfranc mendi lasterketan egon dira. Txaber Bilbaok 100 kilometrokoa amaitzea lortu du, eta Ibai Urrutia 14. postuan sailkatu da 45ekoan. Maratoian, hain zuzen ere, Oihana Kortazar nagusitu da, emakumezkoen sailkapenean.
Asteburuan Canfranc-Canfranc mendi lasterketa lehiatu zuten Pirinioetan, eta bertan parte hartu zuten Arrolape Mendi Klubeko korrikalariek. Hiru distantziako ibilbideak eduki zituzten parte hartzaileek, hirurak ibilbide gorabeheratasu, tekniko eta gogorragaz: 16, 45 eta 100 kilometrokoak. Arrolapetarrak gogotsu iritsi ziren Aragoi aldera, baina eginbehar “oso gogorra” eduki zuten; izan ere, beroak egun osoan zehar gogotik jo zien parte hartzaileei, eta horrek probaren gogortasuna areagotzea ekarri zuen.
Txaber Bilbao, Rai Oar Arteta eta Iñaki Oar Arteta 100 kilometroko ultradistantzia proban aritu ziren. Beroak, umeltasunak, distantziak eta malda gogorrek beren bidea egin zuten, eta Bilbaok baino ez zuen lortu proba amaitzea; ia 34 ordu behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Era berean, Jurdan Zubikarai 16 kilometrokoan aritu zen, eta 45ekoan, ostera ondorengoek parte hartu zuten: Aitor Gainzak, Xabier Zabalak, Oskar Moralesek, Unai Martinek eta Ibai Urrutiak.
Maratoian, hain zuzen ere, goi mailako lehia egon zen bai garaipena, bai ohorezko postuak lehaitzearren. Dynafit taldeko Ricardo Cherta Ballester, gizonezkoetan, eta Burumendi taldeko Oihana Kortazar Aranzeta mutrikuarra, emakumezkoetan, gailendu ziren. Kortazarrek, gainera, bosgarren postuan amaitu zuen sailkapen absolutuan, 06.17.41eko denboragaz. Arrolapetarretatik aurreratuena Urrutia izan zen; belendiztarrak gizonezkoen 14. postua eta sailkapen orokorreko 15.a lortu zuen, 45 kilometroak 06.46.26an egin ondoren. Gainza 61. postuan sailkatu zen, 07.48.28ko denboragaz; Morales eta Martin 64. eta 65. postuan, hurrenez hurren, 07.51.39ko eta 07.51.40ko denborekin. Zabala, ostera, 103. postuan helmugaratu zen, 08.27.47ko denbora eginda.
Talde giroa. Arrolapetarrek azaldu dutenaren arabera, “proba gogorra baina polita” izan zen asteburukoa eta, bide batez, “Pirinioetan talde giroan lasaitasunaz, ikuspegiez eta probaren edertasunaz gozatzeko aukera eduki zuten”. Parte hartu zuten korrikalariez gain, bestalde, laguntza emateko beste hainbat taldekide ere bertaratu ziren, tartean, Mendatako mendi maratoian goiko kotan ibili berri diren bi: Paul Ormaetxea, proba hori irabazi zuen muruetarra, eta Ander Aranzabal gernika-lumotarra.