Ana Montañana: "Jokalariek pentsaera lehiakorra eta irabazlea izatea gura dut"
Valentziako prestatzaileak azaldu du taldeak Mario Lopezek eman dion identitate bera izaten jarraituko duela, Lopezek egindako lanari jarraipena eman gura diolako. Gaur gaurkoz, EuroCupen atariko kanporaketa gainditzea dela helbururik garrantzitsuena dio.
Ana Montañana da Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaile berria. Valentziako prestatzaileak azaldu du taldeak Mario Lopezek eman dion identitate bera izaten jarraituko duela, Lopezek egindako lanari jarraipena eman gura diolako: “Taldea osatuta dago, eta Marioren lan egiteko moduagaz bat nator, nahiz eta modu desberdinean komunikatzen eta kudeatzen ditugun egoerak”.
Lointek Gernika Bizkaiako taldea dagoenerako hasi dira lanean, eta talde identitatea “lehiakorra” izatea gura du entrenatzaileak: “Jokalariek euren adimena zabaltzea eta pentsaera lehiakorra eta irabazlea izatea gura dut, baita erasoan zein defentsan eskuzabaltasun handia edukitzea ere”.
Valentziarrak bere talde teknikoa prestatu du, eta jokalariekin kantxa partekatu ahal izan du. Hala, gaur gaurkoz, Phantoms Basket Boom taldearen aurkako EuroCupen atariko kanporaketa gainditzea dela helbururik garrantzitsuena adierazi zuen: “Ilusio handiko taldea dugu, 11 jokalari dituena. Helburuak epe laburrean ezartzen joango gara, mugarik jarri barik. Berehalako helburua, baina, EuroCupera sailkatzea da; hori funtsezkoa da, eta, sailkapena lortuz gero, egutegia beste modu batera ikusiko dugu”.
Lantaldeari eta haren indarguneei dagokionez, entrenatzaileak nabarmendu du “talde orekatua” dela, jokalarien artean ulertzen dena, eta Emakumezkoen Ligan zein EuroCup txapelketan esperientzia duten jokalariak dituena. Era berean, jokatzeko modu desberdinak onar ditzakeen taldea dela adierazi du Montañanak. Hala ere, Meskonyteren edo Silvaren errekuperazioak kexkatzen du entrenatzailea, baita Emakumezkoen Ligara Hayes-en zelan egokituko den ere.
Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak harrobiaren lana ere nabarmendu du, denboraldi aurrean harrobiko jokalarien laguntza izan duelako. Gainera, jokalari gazteen “ilusio eta hazkundea” azpimarratu du, “klubarentzako oso garrantzitsua dela esanez”.
Montañana Lopezetaz gogoratu zen, eta adierazi zuen “oso pertsona garrantzitsua” izan dela bere kirol ibilbidean: “4 udatan beragaz lanean aritu naiz selezioetan, eta iazko denboraldia ere hemen amaitu nuen beragaz lanean. Mario ordezkatzea, hainbeste urteren ondoren, oso erantzukizun handia da”.
Gerardo Candina taldeko presidenteak, bere aldetik, ziurtatu du taldeak garaipen handiak lor ditzakeela, eta iragarri du Wojta eta Igerabide datozen egunetan helduko direla. Candinak ere, EuroCupeko partida nabarmendu du denboraldiko lehen helburu modura, urriaren 5ean Anberesen jokatuko dena.