Bermeo koloreztatzen duen Arrantzale Eguna
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako Arrantzale Eguna, irudietan.
Bermeotarrentzat urteko egun berezienetakoa da Arrantzale Eguna, eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako egun handia den honetan, bermeotarrek jai giroa sortzen parekorik ez dutela erakutsi dute beste urte batez.
Eguerdiko 13:00ak aldera Goiko Plazan elkartu dira, eta jaitsiera koloretsua egin dute, ohiturari eutsiz. Hala ere, aurten bestelako ibilbidea egin dute; Taraska plazaraino joan ordez, Arostegi kaletik jaitsi, eta Lameran amaitu dute kalejira.
Aurrekoetan kalejiraren amaieran jaietako zapiagaz eta lore sortagaz apaindu izan dute Taraska, aurten baina, bertako lanak direla eta goizean egin diote lore eskaintza.