Muruetan erabakiko da Euskal Herriko aizkolari gazterik onena nor den
Muruetak aizkolari gazteen Euskadiko Txapelketa hartuko du domekan. Hiru parte hartzaile lehiatuko dira, eta bina egiteko edukiko dituzte.
Domeka eguerdian aizkolari gazteen Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute Muruetan. Txapelketak Euskadiko aizkolari gazterik puntakoenak zein baino zein gehiago elkartuko ditu, eta lehia gogorra aurreikusten da lehen postua lortzeko. Lehiaketa 13:30ean ipiniko dute abian, Andra Mari elizaren aurreko plazan. Hiru aizkolari egongo dira: Aritz Oiarbide, Manex Izagirre eta Igoin Pikabea.
Aizkolariek lan gogorra egin beharko dute, Euskadiko onenaren saria poltsikoratze aldera: batetik, 45 ontzako lau enbor ebaki beharko dituzte; bestetik, 54 ontzako bi enbor. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, parte hartzaile guztiek aukera edukiko dute, gura izanez gero, lehiaketa orduko beroketa saioa egiteko. Hori bai, beroketetarako erabiliko duten egurra ez du antolakuntzak jarriko eta, hortaz, egurra norberak eroan beharko duela argitu dute. Aizkolari gazteen Euskadiko Txapelketak ikusle dezente erakartzea espero dute, eta, horrenbestez, giro ederra ziurtatua egongo da Muruetako enparantzan.