Urre zaporedun zilarra Eneko Aburruzarentzat
Eneko Aburruza bermeotarrak bigarren postuan amaitu du munduko jiu jitsu txapelketa, Las Vegasen. Master mailan aritu da, 64 kiloko gerriko moredun kategorian, eta Amon Jarred Dessources estatubatuarra gailendu zaio finalean.
Eneko Aburruza bermeotarrak bigarren postuan amaitu du munduko jiu jitsu txapelketa, zilarrezko domina poltsikoratuz. Aburruzak Las Vegasen (AEB) lehiatu zuen mundu mailako jiu jitsu txapelketarik garrantzitsuena, eta maila oso handian agertu zen. Bermeokoa hogeita hamar urtetik gorakoen kategorian aritu zen, hau da, master mailan. Munduko txapelketa “helburu baten emaitza” izan da Aburruzarentzat, azaldu duenaren arabera: “Txapelketa horretan maila oso handian egon gura nuen, baina niretzat garrantzitsuena urte oso batez lehiaketa horretarako prestatzea izan da hasiera-hasieratik; urtebetez ibili naiz gogor beharrean, eta prozesu hori izan da, hain zuzen ere, niretzat garrantzirik handiena eduki duena”.
Aburruza 64 kiloko gerriko moredun kategorian borrokatu zituen bere aurkariekin. Egun bakarrean lau borrokaldi izan zituen, arerio estatubatuarren eta kolonbiarren kontra; guztira, 28 parte hartzaile egon ziren kategoria horretan. Lehen borrokaldia Richard Bernabel estatubatuarraren kontra egin zuen; bigarrena, aldiz, Andres Felipe Garcia kolonbiarraren aurka. Finalaurrekoa eta finala Kenneth Todd Clatterbuck eta Amon Jarred Dessources estatubatuarren kontra, hurrenez hurren. Orain arteko aurkariekin alderatuta, bermeotarrak “borrokalari sendoagoak” topatu zituen Amerikan: “Aurkarien sendotasunak galarazi egin zidan nire estiloan borrokatzea, hau da, ahalik eta azkarren amaitzea. Hori dela eta, finala orduko borrokaldi denak puntuka irabazi nituen”.
Borrokak puntuka amaitu beharrak tatamian denbora asko egitea ekarri zion Aburruzari, eta horren ondorioz sorturiko nekeak “esangura handia” izan zuen Dessourcesen kontrako finalean. “Oso nekatuta nengoen, eta horrek akatsak egitea eragin zuen”, argitu du. Estatubatuarrak, gainera, gainontzeko borrokak bizkor amaitzea lortu zuen eta, horrenbestez, finalera “freskoago” ailegatu zen. Dena dela, bermeotarrak argi du: “Ez dago aitzakiarik; finalean aukeraketa txar bat egin nuen, energia faltagatik. Dessources ni baino hobea izan zen, ez zuen nire hutsegitea barkatu, eta ondo irabazi zidan”.
Helburua beteta. Finalean galtzaile suertatu arren, Aburruza “oso harro” dago lortutakoaz. “Garrantzitsuena ez da zilarrezko domina lortzea, domina hori lortzeko bidean egindako lan guztia baino”, adierazi du. Atzera begiratu, eta “asebetetasunez” gogoratzen du urte osoan zehar eginiko prestakuntza: “Urte oso batez txapelketa horretarako prestatzen egon naiz, eta sasoirik onenean heltzea lortu du. Lehiaketan ni baino hobea izan den borrokalari bat egon da, eta mundu mailako bigarren amaitu ahal izan dut. Beraz, ez dut inongo damurik edota penarik sentitzen”.
Finaleko esperientzia ikasgai harturik, Bermeokoa jadanik entrenamenduetara itzulita dago, eta ez zaio motibaziorik falta. Hain zuzen, datorren urtera begira urrats bat aurrera egin gura du: “Entrenatzailea eta biok kategoriaz igotzea baloratzen ari gara; gerriko marroiaren lehian sartzea gustatuko litzaidake, nire benetako maila zein izan daitekeen erakutsiko lidakeen gerrikoa dela esango nuke”. Lagunen eta senideen babesa ere jaso duela azaldu du Aburruzak: “Gurasoek nahiz taldekideek zuzenean ikusi dute txapelketa, eta lagunei ni neu joan naiz kontatzen lehiaketa zelan zihoan. Zentzu horretan, oso babestua eta maitatua sentitu naiz”.