Bermeotarrak prest daude jaiei hasiera emateko
Almikako jaitsierakin motorrak berotzen hasi dira gaur arratsaldean. 21:50ean aterako da Xixili udaletxeko balkoira eta 22:00etan botako dute pregoia eta txupina. Euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko brindisa ere egin dute Erriberan.
Gogotsu daude bermeotarrak; Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak hastear daude eta Almikako jaitsierakin motorrak berotzen hasi dira gaur arratsaldean. Hala, kuadrillak batu, eta Almika auzora igo dira, handik jaitsiera egiteko. Adin guztietako herritarrak batu dira. Gazteak ez ezik, familian jaitsiera egin duten asko ere egon baitira. Batzuek goi-goitik hasita egin dute jaitsiera, beste batzuek, ordea, bidean dira. Denak, hala ere, ondo pasatzeko “gogo handiz”.
Mahonezko arropak eta zapiak asko, baina koloretsua ere izan da Almikako jaitsiera, askotako osagarriak jantzi baitituzte parte hartzaileek. Herrira heltzean eta ohikoa den moduan, ura eskatzen ibili dira, eta mela-mela eginda amaitu dute batzuek jaitsiera.
Helmuga txarkeria guztiak gauza onetan birziklatzen dituen Txosnaola Fabrika izan da. Bertara iritsita, txosna gunea martxan jartzeko txupina jaurti dute.
Euskal preso, iheslari eta deportatuak ere gogoan eduki dituzte. Bermeoko Sarek antolatuta, euren aldeko elkartasun brindisa egin dute Erriberan, 19:00ak aldera. Ohorezko aurreskua ere dantzatu dute.