Gozatzeko aukera nonahi
Iraila ailegatuaz batera zapiak atera dituzte bermeotarrek. Zapia zaman eta gogoak soinean dituztela esku zabalik daude herritarrak ekimenez beteta datozen jaietan murgildu eta ondo pasatzeko.
Bermeoko kaleak jendez betetzeko prest daude. 80 ekintzak osatuko dute irailaren 7tik 16ra bitartean burutuko diren 2022ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Adin tarte guztiei begira osatu dute eskaintza, tartean, Gozategi, Bulego, Puro Relajo eta Boleros 4 lehen mailako kontzertuak egongo dira eta baita ere ume eta gaztetxoei bideratutako ekintzak. Klasikorik ez da faltako: jaitsiera, Sukalki Eguna, su artifizialak, herri kirolak, playbacka…
Normaltasunerantz bueltatzeko uda izan da aurtengoa, eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak %100ean gozatu ahal izango ditugu aurten», esan du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak. Irailaren 7an Goiko Plazan egingo den Xixiliren aurkezpenagaz eta pregoiagaz hasiko dira jaiak. Goi goitik hasteko, Gozategik girotuko du jaien lehenengo gaua, eta ondorengo egunetan egitarau oparoagaz gozatzeko aukera egongo da: «Eskerrak eman nahiko nizkieke jai batzordeari, herriko elkarte ezberdinei eta udal langileei egitarau bikain hau prestatzeagatik».
Irailaren 9an, berriz, Andra Mari Egunagaz gozatzeko aukera egongo da. Lore eskaintza eta aurreskuagaz hasiko da goiza, arrantza ontzien hornitzaileei omenaldia eskainiz eta Enrique Zubiari esker ona emanez. Arratsaldean, musikari bide utzi eta Boleros 4 musika taldea izango da lehenengoa oholtzara igotzen. Ondoren, Bidean taldearen erromeriagaz alaituko da gaua.
Irailaren 5a izango da Bermeoko Playback Erraldoian izena emateko azken eguna
Blayback erraldoia. Ohiko hitzorduak ere ez dira faltako: irailaren 13an, Bermeoko Playback Erraldoiagaz gozatzeko hitzordua jarri dute Lameran, eta izen ematea beharrezkoa izango da, irailaren 5a baino lehenago, Gizarte eta Kultur Etxean. Umeen saioan 6 eta 14 urte bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute eta nagusienean 15 urtetik gorakoek.
Hurrengo egunean, Zaharren Egoitzako egoiliarrek Almika auzora irteera egingo dute eta, arratsaldean, txosnetan, Tor Magoa egongo da ikusgai. Leire Gotxik kontzertua eskainiko du, eta gauean, Hurtsun eta Ortziren Urbasa kale antzerkia ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, irailaren 15eko tortilla txapelketa eta umetxoen jolasak ere protagonista izango dira, urteroko nagusien danborradagaz batera. Bermeotarren jaiak bizi-bizirik egongo dira.
Santa Eufemia Eguna. Urteroko baserri giroko azokagaz hasiko da Santa Eufemia Eguna, eta txosnetan, mozorro eguna ospatuko da.
Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketa eta Euskal Oiloaren Bizkaiko V. Txapelketagaz gozatzeko aukera egongo da. Ohi bezala omenaldia egingo da, eta aurten Santa Eufemia elizari, Jorge Vergniory Arana Gazteluko jaien argazkilariri eta Anton Benguria Ereño baserritarrari egingo diete omenaldia.
Arratsaldean, kirolari bide emango zaio: XIV. Alkartasun Batel estropadaz gain, Bermeo Hiria Inpesca Atunlo Pilota Festibalaren finala jokatuko da. Ondoren, dantzaldia egongo da Gazteluz, Aiarako musika bandagaz, eta Mitxel Diaz Espina Erandioko Musika bandaren zuzendari ohiari omenaldia egingo diote. Gauez, Xixili erreko dute, azken agurraren ostean.
Eraso sexisten aurreko protokoloa landu eta salatzeko deia egin du Udalak
Erasoen aurrean.Bermeoko Udalak protokoloa landu du eraso sexisten aurrean arreta emateko, gertatuz gero, zerbitzuen arteko koordinazioa bermatuz. Informazio orriak zabalduko ditu ostalaritza guneetan, herritarrek eraso baten aurrean nola jokatu jakin dezaten.
Udalak erasoak salatzera deitu ditu herritarrak, erasoen aurrean tolerantzia zero izan behar delako. «Argi eta ozen esaten dugu, herri eta Udal honek ez du eraso sexistarik onartuko!», adierazi du alkateak.