Bizkaiko sagardoaren eta untxiaren Azoka Berezia, Gernika-Lumon
Ekainetik abendura bitartean, hilabeteko lehenengo zapatuan Azoka Berezia hartzen du Gernika-Lumoko Merkatu Plazak, eta Lea-Artibaiko ekoizleen eskutik, irailekoa Bizkaiko sagardoari eta untxiari buruzkoa izango da. Hain zuzen, Amorotoko Ibai-Ganekoen untxi-okela eta Markina-Xemeingo Axpekoen sagardoa bertan dastatzeko zein etxera eroateko aukera egongo da.
Bihar [irailak 3], 09:00etatik aurrera, horiez gain, bestelako produktuak ere eskuratu ahalko dituzte bertaratzen direnek, “musikagaz eta giro alaiagaz lagunduta”. Izan ere, baserritar eta artisauen produktuak, gazta, ogia, euskal pastela eta ogia egongo dira salgai. Busturialdekoak dira Azoka Berezian egongo diren hamar baserritarrak. Artisauak, ostera, 11 izango dira, eta horien artean dago zura lantzen duen Ziortza-Bolibarko Sy Amadou. Artisau bizkaitarrek, besteren artean, bitxigintza, larrugintza eta ehungintza produktuak eroango dituzte Merkatu plazara.
Aurrekoetan modura, Lourdes Malaxetxeberria berriatuarraren ogiak eta euskal pastelak eta Iparraldeko Ferme Arnabarren pateak ere salgai egongo dira, bai eta hiru gazta ekoizle hauenak ere: Maumeko Gazta (Muxika), Jose Ramon Etxabe (Urretxu) eta Poxtineneko Gazta (Arbizu).
Bestalde, umeentzako eskaintza ere ez da faltako oraingo honetan ere: gaztelu puzgarria ipiniko dute, eta zenbait tailer eman, eta umeen jolasak egingo dituzte.
Bidebusa. Biharko Azoka Berezira joateko Bidebus zerbitzu berezia ipini du Gernika-Lumoko Udalak; 11:00etan Lorategietan hartu ahalko dute autobusa, eta, 11:20an, berriz, Lurgorrin.