Bermeoko Udalak drogen kontsumoak dakartzan arriskuak gutxitzeko hiru esku-hartze egingo ditu jaietan
Irailaren 7an alkoholaren prebentziorako karpa jarriko dute, Arrantzale egunean drogei buruzko informazioa eta testing zerbitzua emango dituzte, eta irailaren 15ean Gazte Topalaket! Gunea ipiniko dute. Besteak beste, alkohol neurketa homologatuak eta substantzien analisiak egingo dituzte.
Bermeoko Udalak onartu berri duen Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren barruan, drogen kontsumoak dakartzan arriskuak gutxitzeko hiru esku-hartze egingo ditu Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan, batik bat “gazteei zuzenduta”.
Irailaren 7an alkoholaren prebentziorako karpa jarriko da Lameran, alkoholaren ardurazko kontsumoa sustatzeko eta gazteenen artean jokabide hori eragiteko, kontsumitzen hasteko adina atzeratzeko eta alkoholak kontsumitzeak dakartzan arriskuak aintzat hartzeko helburuekin. Hala, alkohol gehiegi kontsumitzeak dakartzan arriskuei buruzko informazioa emango dute eta alkohol neurketa homologatuak ere egingo dituzte.
Arrantzale egunean, berriz, drogei buruzko informazioa eta testing zerbitzua emango dituzte Lameran, eta, Gazte Topalaket! Gunea ipiniko dute, irailaren 15ean, Andra Mari eta Irakaskintza kaleetan.
AiLaket! Elkarteko hiru teknikari egongo dira informazioa ematen eta substantzien analisiak egiten; droga-dosien testak guztiz anonimoak eta doakoak izango direla zehaztu dute: “Testing zerbitzuaren bidez nerabe eta gazteen arteko substantzien gehiegizko erabileraren prebentzioa landuko da, arrisku kudeaketa hobea ahalbidetuko duen egiazko informazio objektiboa eskainiz”.
Gazte Topalaket! lehenengoz. Udaleko Gazteria sailak lehenengoz antolatu dute Gazte Topalaket! prebentzio programa. 10-14 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta alkohola, tabakoa eta kafeina bezalako droga legalen eraginaren inguruan sentsibilizatzea da sailaren asmoa.
Saioetan, besteak beste, gazteen artean droga kontzeptua argitzea da helburua, jokoaren eta marrazkiaren bitartez. Eurei galdetuko diete zer diren drogak, zein droga mota ikusten dituzten inguruan, zelan irudikatzen dituzten, zein gauza on eta txar dituzten etab.
Era berean, “alkohola eta gaitasun motorrak aztertuko” dituzte, alkoholaren erabilerak eguneroko ekintzetan sortu ditzakeen “zailtasun eta arriskuak bistaratzeko helburuagaz”. Bestalde, drogen inguruko sinesmen faltsuak argitzeko eta drogen inguruko bakarkako eta taldeko hausnarketa bultzatzeko termometroaren jokoa ere egingo dute.
EGUNAK:
- Irailak 7 (eguaztena) 23:00-02:30. Alkoholaren prebentziorako eskuhartze-karpa. Liburutegiaren ondoan.
- Irailak 9 (barikua) 23:00-02:00. TESTING zerbitzua (substantzien analisiak). Liburutegi ondoan.
- Irailak 15 (eguena) 16:00-20:00. GAZTE TOPALAKET! Gunea (10 urtetik gorako gaztetxoentzat). Andra Mari eta Irakaskintza kaleetan.