Urriko Lehen Astelehenean parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea zabalduko du udalak
Irailaren 12tik 29ra bitartean eskabideak aurkezteko epea zabalik edukiko dute baserritarrek zein artisauek.
Bi urteren ostean urriaren 2an eta 3an osapatuko den Urriko Lehen Asteleheneko azokan saltokia edo erakusmahaia jarri gura duten baserritarrek zein artisauek eskabideak aurkezteko epea zabalik edukiko dute irailaren 12tik 29ra bitartean.
Gernika-Lumoko Udaleko Azoka eta Merkataritza Sailak eskabideak zabaldu ditu, eta jakitera eman duenez, interesa daukaten ekoizleek Bizkaiko Foru Aldundiko ustiategien erregistroan alta emanda egon beharko dute eskabidea egin ahal izateko.
Bizkaikoak ez diren ekoizle eta artisauen kasuan, esparru autonomikoko erakundeetako ekoizleak eta artisauak egon ahal izango dira, baldin eta azokaren sustatzaileek euren elkartea gonbidatu badute.
Beharrezko dokumentazioa.
Izena emateko orriak udaletxean eta udalaren webgunean lor daitezke, eta, eskabide orria bete ostean, udalean aurkeztu beharko da. Erregistroan (HAZ) aurkeztu ahalko dute interesatuek, astelehenetik barikura bitartean, 07:30etik 15:00etarako ordutegian. Eskabidea poste elektronikoz egin gura dutenentzat haz@gernika-lumo.net helbidea dago erabilgarri. Hala ere, izapidea egoitza elektronikoz egiteko aukera ere badago, udalaren webgunean ‘Tramiteak’ deituriko atalean.