Belaunaldi erreleboa eta igerilari berriak, Salome Campos zeharkaldian
Salome Campos igeriketa zeharkaldia egingo dute zapatuan, Bermeon. Hiru kategoria eta bost proba egongo dira: 5.000 metroko hiru tanda eta 1.500 nahiz 500 metroko bana. Ia 600 parte hartzailek eman dute izena dagoeneko.
Koronabirusaren pandemia egoerak eragindako urte biko etenaldiaren ondoren, Bermeoko portu ingurua itxuraldatu egingo da, hainbat eta hainbat igerilariren lehiagune bilakatuko baita. Izan ere, Salome Campos itsas zeharkaldia egingo dute. 2022koa VIII. edizioa izango da, eta, bere sorrerari jarraiki, emakumezkoak eta, beren-beregi, emakume igerilari nahiz kirolariak omentzea izango du helburu.
Horretarako, hainbat distantziatako zeharkaldiak egingo dituzte, parte-hartzaileen profil guztiak asebetetze aldera. Hain zuzen ere, hiru kategoria eta bost proba egongo dira. Gaur-gaurkoz, ia 600 igerilarik izena eman dute, eta 1.500 zein 500 metroko probetarako izen ematea oraindik zabalik dago www.rockthesport.com webgunean.
Laburu: “Herri edota inguru desberdinetako jendea apuntatu da aurten, eta hori pozgarria da guretzat”
Proba nagusia Bermeoko portutik Izaro irlara joan-etorria egiten duena da, hau da, 5.000 metrokoa. zeharkaldi horretarako izen-ematea, dagoeneko, zarratuta dago; izan ere,azken urteotan proba horrek izan ohi du parte-hartzerik nabarmenena; hori dela eta, hiru tanda egingo dituzte, guztiak antolatzeko. Itsas zeharkaldiaren antolakuntzan dabilen Aintzi Laburuk argitu duenez, azken edizioetako irabazleak irteera lerroan egongo dira, batik bat, Adnan Mustafic edota Andrea de la Hera.
Dena dela “belaunaldi aldaketa” egotea aurreikusten dute: “Herri edota inguru desberdinetako jendea apuntatu da aurten, eta hori pozgarria da guretzat; bestalde, igerilari gazteek eman dute izena, eta hori oso positiboa da bai igeriketaren, bai zeharkaldiaren osasunarentzat”.
Emakumeen parte hartzea jomuga. Zeharkaldi nagusiaz gain, 1.500 metrokoa eta Bermeoko portu barrutian egingo den 500 metroko ibilbidea ere egongo dira. 11:00etan hasiko dira proba laburreko igerialdiak; 11:25ean, 5.000 metrokoen lehen multzoa; 11:28an, bigarrena; 11:31ean hirugarrena; eta 11:45ean 1.500 metroko probakoen txanda izango da.
“5.000 eta 1.500 metroko probetan genero arteko parekotasunean aurrera egin gura dugu”
Labururen arabera, 2022ko helburua bikoitza edukiko dute aurten: batetik, igeriketarako zaletasuna bultzatzea; bestetik, kategoria denetan emakumezkoen parte hartzea hauspotzea. “Normalean, 500 metroko proban egoten dira emakumezko gehien, eta, hortaz, beste bi distantzietakoetan ere genero arteko parekotasunean aurrera egin gura dugu”, argitu du Laburuk. Horrez gain osasuna eta babesa ziurtatzea bilatuko dute: “Azken bi urteetan babes protokoloak landu ditugu, hori ere lehentasun nagusienetako bat delako”.