Mendatako bidezidorrak mendizaleen zain daude
Domekan 'Mendata Ezagutuz' ospatuko dute. Hiru mendi martxa eta mendi maratoia egingo dituzte. Aurretiazko izen ematea bihar amaituko da, baina egunean bertan izena emateko aukera ere egongo da. 210 lagun apuntatu dira, eta muga 500ekoa da.
Domekan, hilaren 4an, mendiak eta kirolak bat egingo dute Mendatan: Mendata Ezagutuz mendi maratoiaren 16. aldia eta mendi martxaren 21.a egingo dituzte. Izen ematea zabalik dago oraindik, eta bihar zarratuko da; gehienezko parte hartzaile kopurua 500 lagunekoa izango da. Era berean, egunean bertan izena emateko aukera ere edukiko dute bertaratzen direnek, betiere aipaturiko kopuru horra ailegatu ez badira. Bihar bitartean izena ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte; domekan bertan egiten dutenek, ostera, 18 euroko prezioa izango dute.
Gaur-gaurkoz, 210 lagunek eman dute izena, baina domeka orduko kopuru horrek gora egitea espero du antolakuntzako kide Aitor Petralandak: “Pozik gaude harreragaz, baina joandako urteetako eskarmentuak diosku jende askok azken orduan ematen duela izena, eta, hortaz, badakigu kopurua hazi egingo dela”. Antolatzaileek argitu dutenaren arabera, izena ematen duten pertsonetatik %65ak martxa ertain edota laburrean emango dute izena; maratoira, ordea, 50-60 parte hartzaile inguru apuntatuko dira.
Busturialdeko mendi probetatik beteranoenetakoa da Mendatakoa, eta hori herri osoaren parte hartzeari esker lortu dutela adierazi du Mendatako alkate Joseba Malleak: “Mendiaren jai horretan herritar guztiek laguntzen dute, eta herriaren garaipen handi bat dela esango nuke”. Iraila, hain zuzen ere, “hilabete berezia” da, Mallearen ustez: “Mendiaren jaiagaz batera, sanmigelak edota nekazari azoka ere ospatuko ditugu, eta, horrenbestez, hurreratzen direnek gure herriaren aberastasunaz gozatu ahalko dutelakoan gaude”.
Mallea: “Mendiaren jai horretan herritar guztiek laguntzen dute, eta herriaren garaipen handi bat dela esango nuke”.
Mendi maratoiak 16. aldia beteko du aurten, eta helburua korrikalariek 42,195 kilometroko ibilbidea 3 eta 5 ordu bitartean egitea da; tartean, bi anoa postu izango dituzte. Mendi martxei dagokienez, hiru ibilbide diseinatu dituzte antolatzaileek: 9, 21 eta 37 kilometrokoak. Bederatzikoa, Petralandaren arabera, “familia giroan egiteko pentsatua” da, eta ez dauka zailtasun aipagarriegirik ibilbide aldetik; 21 kilometroko martxa, ostera, 3 eta 5 ordu artean egin dezaten atondu dute, eta ibilbideak hiru anoa postu ditu; amaitzeko, martxalariek 37 kilometroko ibilbidea osatzeko 7 eta 9 ordu bitartean behar izatea aurreikusten dute, sei anoa postugaz.
08:00etan ekingo diote bideari mendizaleek martxa ertain nahiz laburrekoak ordu horretan abiatuko baitira. Mendi maratoiko parte hartzaileak, aldiz, 09:00etan ipiniko dira abian eta martxa laburrekoak, berriz, 09:30ean. Behin probak amaituta, antolakuntzak bazkaria eta elastiko bat erosteko %50eko beherapena eskainiko dizkie guztiei. Horrez gain, dutxak ere erabilgarri egongo dira, eta erretiratzen direnek laguntza taldeen asistentzia ere jaso ahalko dute.