Herriko kultura sustatzeko diru laguntzak banatuko ditu kultur etxeak
Diru laguntzaren helburu nagusia da udalerriko kultura esparruan zerbitzu eskaintza sustatu eta egonkortzea, baita elkarteen mantenurako laguntza eskaintzea ere. Diru laguntza eskatzeko epea irailaren 30era artekoa izango da, azken eguneko 14:00ak bitartean.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak zabalik dauka kultura jarduerak gauzatzeko elkarteentzako diru laguntzen ohiko deialdia. “Herriko gizarte eta kultura arloa sustatzeko eta dinamizatzeko diru laguntza da hau, eta kulturarekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten elkarte edo pertsonek eskuratu ahal izango dute”, zehaztu du Jokin Garatea kultura zinegotziak.
Diru laguntzaren helburu nagusia da udalerriko kultura esparruan zerbitzu eskaintza sustatu eta egonkortzea, baita elkarteen mantenurako laguntza eskaintzea ere. Beraz, laguntzak kultura sustatzearekin lotutako ekimenetan aritzen diren irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeei zuzenduta egongo dira.
Laguntzak banatzerakoan, proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuko dute, baita jardueraren originaltasuna ere. Aukera eta hezkuntza errentagarritasuna eta genero berdintasunean proiektuek izan dezaketen eragina ere aztertu eta baloratuko dute. Proposamenean edo jardueraren zeharkako balioei emandako tratamendua ere ikusiko dute, hala nola euskara eta euskal kultura bultzatzeari, hizkuntzaren eta irudiaren erabilera ez sexista egiteari edota 2030 Agendan definitutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak bultzatzeari.
Deialdian jasotako baldintzak betetzen dituzten kultura-taldeek laguntza hauek jaso ahal izango dituzte, Gernika-Lumon egin beharreko aparteko edo unean uneko kultura-jarduerak garatzeko.
Diru laguntza eskatzeko epea irailaren 30era artekoa izango da, azken eguneko 14:00ak bitartean. Eskaera orria Kultur Etxearen webgunean (www.kulturagernika-lumo.eus) edo udalaren atarian (www.gernika-lumo.eus) deskargatu daiteke, eta hori bete ostean, interesatuek Kultur Etxean aurkeztu beharko dute, “laguntzaren xede den jarduera edo proiektuaren azalpen edota memoriagaz batera”. Eskaerekin aurkeztu beharreko agiriak –dokumentuak, txostenak, memoriak– formatu digitalean aurkeztu beharko dira, helbide elektronikoz (ke.idazkaritza@gernika-lumo.eus) edota USB batean.