Pello Bilbaorentzat Alemaniako Itzuliko azken etapa
Pello Bilbaok bere abiadura erakutsi du Alemaniako Itzuliko laugarren etapan gailentzeko. Adam Yatesek eskuratu du garaipena sailkapen orokorrean, eta Bilbaok bigarren postuan bukatu du itzulia.
Pello Bilbao Bahrain Victorious etxeko txirrindulari gernika-lumotarrak Alemaniako Itzuliko laugarren eta azken etapa irabazi zuen atzo. Stiltach eta Stuttgart bitarteko ibilbide gorabeheratsua erasoaldietarako eremu bikaina izan zen eta, hori dela eta, sailkapen orokorrerako hautagaien taldea oso txikituta helmugaratu zen. Bilbaok bere abiadura probestu zuen, esprintean jaun eta jabe agertuz. Bigarren postuan Team EF-Easypost taldeko Ruben Guerreiro portugaldarra sailkatu zen, eta hirugarrena, aldiz, Intermarché Wanty Gobert Materiaux etxeko Georg Zimmermann alemaniarra izan zen.
Atzo lidertza defendatzen ibilitako Adam Yatesek itzuliko garaipen orokorra lortu zuen; Ineos Grenadiers taldeko britainiarrak etapako bosgarren postua eskuratu zuen, eta liderraren elastikoa mantentzeko balio izan zion. Sailkapen nagusian, hain zuzen ere, bigarren bukatu zuen Bilbaok eta, gainera, puntukako sailkapena irabazi zuen; azken podiuma Guerreirok osatu zuen.
Gernika-Lumokoa sasoi puntu onean dago; izan ere, berriki lehiatu duen Poloniako Itzulian maila bikainean ibili da, etapen lehian sartuta. Bahrain Victoriousekoarentzat “denboraldiaren bigarren zati desberdina” izaten ari da. Izan ere, itzuli handi bakarra lehiatu du aurten: Italiako Giroa. Aurrerantzean lehiatuko dituen lasterketen agendan, besteak beste, Quebec eta Montrealgo Sari Nagusiak ditu Bilbaok.