Abiadura izan da nagusi 62. San Bartolome Sari Nagusian
Errenteriako txirrindulari lasterketak goi-mailako partaidetza eta, batez ere, erritmo oso bortitza izan ditu. Baque etxeko Gorka Sorrarainek lortu du garaipena, azken ihesaldia zukutu ondoren. Iñaki Diazek eta Sinuhe Fernandezek osatu dute podiuma.
Abiadura izan zen nagusi barikuan lehiaturiko Errenteriako 62. San Bartolome Sari Nagusian. 167 txirrindulariko tropela egon zen Lehendakari Txapelketarako baliogarria izan zen proban, eta abiatu bezain pronto talde handia txikitzen joan zen; hainbat eta hainbat ihesaldi saiakera egon ziren ibilbide gorabeheratsuan zehar eta, hain zuzen ere, bi ziklistako ihesaldia ailegatu zen Maloste aurreko helmuga lerrora.
Baque etxeko Gorka Sorrarain izan zen biko ihesladi horretako azkarrena, eta esprintean menperatu zuen Caja Rural-Alea taldeko Iñaki Diaz; hiru segundoko atzerapenagaz helmugaratu zen Lizarteko Sinuhe Fernandez.
Parte hartzaileek 108 kilometroko ibilbide itogarria 02.34.21 ordutan bete zuten. Lehenengo eta behin, bost aldiz egin zuten Ajangiz-Zarrabenta-Arratzu zirkuitua; lasterketako azken zatian, aldiz, Marmiztik gora egin zuten, eguneko bi mendate puntuagarriak igotzeko: lehenik eta behin, Mendata; ostean, Bizkaiko Begiratokia. Bigarren zati horretan apurtu zen, hain zuzen ere, lasterketa.
Mendatara bidean tropela asko txikitu zen, eta erritmo handiak bere lana egin zuen bai Mendatatik Urrutxurako bidean, bai Bizkaiko Begiratokiko igoeran. Azkenean probako bi indartsuenak nabarmenduta helmugaratu ziren, eta Sorrarain izzan zen azkarrena Errenterian. Garaipena eskuratzeaz gain, Baquekoa nagusi izan zen hala mendiko, nola tarteko helmugetako sailkapenetan.
Etxeko txirrindularirik aurreratuenak Baqueko Lander Lartitegi busturiarra eta Unai Zoilo sukarrietarra izan ziren. Lartitegi lehendabiziko tropelean helmugaratu zen, 12. postuan; Zoilo, ostera, atzeko taldeetako batean sailkatu zen, 50. postuan.