Lointek Gernika Bizkaiak aurredenboraldiko egutegia aurkeztu du
Lointek Gernika Bizkaiak irailaren 1ean hasiko ditu aurredenboraldiko prestaketak. Ardoiren, Perfumerias Avenidaren eta Leganesen kontra jokatuko dute aurredenboraldian. Gainera, Euskal Kopan ariko dira, IDK eta Araskiren aurka.
Lointek Gernika Bizkaiak 2022/2023 denboraldirako prestakuntza lanei ekin die, eta aurredenboraldiko partiduen egutegia plazaratu du. Taldeko jokalari guztiak irailaren 1ean elkartuko dira, eta hurrengo astean zehar iritsiko dira denak Gernika-Lumora. Aurredenboraldiko lehen norgehiagoka irailaren 8an jokatuko dute, 20:00etan, Zizur Nagusiko polikiroldegian; Ardoi taldea izango dute aurkari. Talde hori LF Challenge liga berria jokatzen ari da; iaz, 17 garaipen eskuratu zituzten, ligako zazpigarren postuan amaituz. Igoerako playoffetan RACA taldearen aurka galdu zuten.
Astebete beranduago, irailaren 15ean, Madrilgo Europa Pabiloira bidaiatuko dute gernika-lumotarrek, Leganesen kontra neurtzeko. Emakumezkoen Endesa Ligan iaz debutatu zuen talde horrek, eta mailari sendotasunez eustea lortu zuen. Marta Hermida, Laura garcia, Ceci Muhate edota Vionise Pierre Louis moduko jokalari lehiakorrak izango dituzte arerio Lointek Gernika Bizkaiakoek; aurten, gainera, Rebecca Akl, Kelsey Marshall eta Lauren Van Kleunen gehitu dituzte beren lantaldera.
Irailaren 17an Asturiasera joango dira Anna Montañanaren neskak: 20:00etan hasita, Adolfo Suarez Kirolgunean Perfumerias Avenidaren kontra jokatuko dute. Salamancako taldeak Moriah Jefferson, Aleksandra Crvendakic, Jovana Nogic, Erica McCall, Aleksa Gulbe eta Julia Reisingerova batu dituzte lantaldera, beren maila handiari eusteko. Hurrengo asteburuan Euskal Kopa jokatzeko txanda izango durte, Tolosan edo Durangon. Irailaren 24an Araskiren aurka jokatuko dute, 18:00etan, Usabal kiroldegian. Gasteiztarrek Tanaya Atkinsonen kontratua berritu dute, eta baita Lointek Gernika Bizkain ibilitako Maria Asurmendi ere. Horrez gain, Maimuna Diarra, Txel Alarcon, Natalie van del Adel edota Agostina Burani izango dituzte datorren denboraldian.
Euskal Kopako bigarren azterketa irailaren 25ean izango da, 12:00etan, Azu Muguruzaren IDKren kontra. Donostiarrek iazko lantaldeko jokalari gehientsuenak berritu dituzte: Yurena Diaz, Maria España, Joy Brown, Mariam Coulibaly eta abar. Halaber, Natalia Rodriguez, Ivana Raca, Nicole Cardaño-Hillary, Kadri-Ann Lass eta Vanessa Jasa fitxatu dituzte. Horrenbestez, talde sendoa izango dute EuroCup Women lehiaketan estreinako lehiatzeko.