Gernika 'memoria leku' izenda lezakete memoria historikoaren lege berriarekin
Memoria Demokratikoaren Espainiako Legean aurreikusten diren lekuen zerrenda osatzeko dokumentu bat prestatzen ari dira memoria elkarteak, eta Gernika proposatuko dute beste hainbat lekuren artean.
Irailean sartuko da indarrean Memoria Demokratikoaren Espainiako Legea, eta, baliteke Gernika-Lumo ‘memoria leku’ izendatzea, Ezkabako gotorlekua eta Donostiako Cumbre jauregiagaz batera. Izan ere, hasieran, leku oroigarri horietako batzuk ezagutarazi ziren, baina legean aurreikusten diren lekuen zerrenda osatzeko dokumentu bat prestatzen ari dira memoria elkarteak, eta Gernika proposatuko dute beste hainbat lekuren artean.
Uztailean onartu zuten araudia Espainiako Kongresuan, Senatutik igaro eta gero; besteak beste, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten. Hain zuzen ere, legeak “errepresioarekin eta indarkeriarekin” lotura duten lekuen zerrenda bat egitea aurreikusi du, helburu “informatibo, oroimeneko eta didaktikoagaz”. Arauak dioenez, 1936ko estatu kolpearen, 36ko gerraren, diktadura frankistaren eta erbestearen ondorioz “herritarren kontrako errepresio edo indarkeriaren gune izan diren lekuak, eraikinak, paisaiak edota kultura ondasun ez materialak” izango dira memoria lekuak.
Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari dagokio zerrenda osatuko duten lekuak izendatzea, baina biktimen senitartekoek, memoria historikoko elkarteek eta autonomia erkidegoek proposamenak egin ditzakete.
Gernika-Lumoko Udalak, bere aldetik, adierazi du herriak “balio sinboliko sakona” duela balio demokratikoen defentsan. “1937ko bonbardaketa basakeriaren oroitzapen iraunkorra bihurtu zen, eta demokrazia iritsi zenetik, Gernika bakearen eta biktima errugabeen sufrimenduaren erreferente bihurtu da”, adierazi dute.
Emilio Silva Memoria Historikoa Berreskuratzeko elkartearen presidenteak EFE albiste agentziari azaldu dionez, Espainiako Estatuan “leku askok” izan behar dute memoria demokratikoko lekuak. Gogorarazi duenez, erkidego batzuek memoria historikoari buruzko legeak dituzte dagoeneko, eta hainbat leku izendatuta daude.
Gernikaz gain, Ezkabako gotorlekua –frankismo garaian preso errepublikanoen kartzela izandakoa– eta Donostiako Cumbre jauregia –Lasa eta Zabala torturatu zituzten lekua– inbentarioaren barruan sartuko dituzte.