Emakumeen obrak ikusgai
Martitzenera bitartean, 'Emakumeak museoan' erakusketa ikusi ahalko da Gernika-Lumoko Alegria plazan.
Bilboko Arte Ederren Museoko 40 artelan ikus daitezke Gernika-Lumoko kaleetan. Artearen historian emakumeek izandako rola azaleratzen du aire zabalean ikusgai dagoen erakusketak: Emakumeak museoan. BBK-k Artearen Ibilbidearen egitarauaren barnean antolatutako proposamenaren gai nagusia emakumeek museoko bilduman duten presentzia erakustea da, artista modura zein irudikapen gai gisa. Erakusketa martitzenera bitartean egongo da Alegria plazan.
2018az geroztik, BBK Artearen Ibilbidea programak Arte Ederren Museoko bildumaren aberastasuna eta kalitatea zabaltzea bilatu du, bere aretoetatik harago, baita herritarrak artera hurbiltzeko aukerak erraztea ere. Eta, oraingo honetan, helburu horri gehitu zaio emakumeak artean duen rola azpimarratzea.
Erakusketa honetan, XV. mendetik gaur arteko margolanak, marrazkiak, kartelak eta argazkiak ikus daitezke. Horiek guztiek aukera ematen dute, alde batetik, artearen historian emakumea irudikatzeko izan diren moduei buruz hausnartzeko, eta, bestetik, emakume artistek erakutsi duten konbentzionalismoen kontrako ikuspegia erakusteko.
Argazkiez gain, bakoitzari dagokion iruzkina irakur daiteke, eta hori doan eskuratu ahal da QR kode baten bidez.
Miriam Alzuri Museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaileak egin du proiektua, Hezkuntza eta Kultura Ekintza Saileko Maria Victoria Antoñanzasekin eta Cesar Otxoarekin lankidetzan.