Lekerikak ez du Gernika Grand Slama jokatuko
Donostiako Grand Slamean lesionatu eta hilabete frontoietatik urrun egon eta gero, atzoko Biarritzeko norgehiagokan berriro min hartu zuen pilotari gernikarrak. Ezingo du domekan hastekoa den Gernikako Grand Slama lehiatu, eta bere lekua beteko du Ion Ibarluzea puntista markina-xemeindarrak.
Hilabete frontoietatik urrun egon eta gero, Unai Lekerikabeaskoak bere bigarren partida lehiatu zuen atzo Biarritzen, eta min hartu zuen berriro. Beraz, ezin izango du domekan hastekoa den Gernikako Grand Slama –herenegun aurkeztu zuten– jokatu, eta Erkiagak eta Lekerikak osatutako bikoteak ez du 2021eko titulua berretsiko. Ion Ibarluzea puntista markina-xemeindarrak ordezkatuko du atzelari gernikarra.
Markina-Xemeingo atzelariarentzat aukera paregabea da honakoa. Izan ere, urteak daramatza afizionatu mailako puntista onen arteean lehiatzen, udaberrian Mexikon jokatu zuen arte. Munduko frontoirik handienean jokatu eta irabazi zuen, Ludovic Laducherekin batera, Jai Alaiko tenplu historiko batean txapeldun izendatuz. Joko bikaina erakutsi eta esperientzia ahaztezinagaz itzuli zen markina-xemeindarra udalerrira.
Euskal Herrian ere, hainbat aukera izan ditu Ibarluzeak. Lekerikaren lekua bete zuen Markina-Xemeinen, antolakuntzak etxeko pilotari baten aldeko apustua egin zuelako, eta maila ona erakutsi zuen. Hala ere, Arbek eta Ibarluzeak osatutako bikoteak bi partiduak galdu zituen, Olharan eta Etxetoren aurkakoan hobeak izan ziren arren.
Eta orain, berriro, lehen mailako puntistekin nor baino nor gehiago jokatzeko aukera izango du Gernikako katedralean. Sasoi onean dago, eta bere ezaugarri teknikoak ere egokiak dira 57 metroko luzera daukan kantxa gernikarrean lehiatzeko.