Iluntzarrera, jai giroan
Santiago egunean, Iluntzarrera V. Igoera egingo dute. Zazpi kilometroko eta 400 metroko desnibeldun ibilbidea osatu beharko dute. Urdaibai Koparako puntuagarria izango da.
Datorren astelehenean, Santiago Egunean, Iluntzarko V. mendi lasterketa egingo dute, Nabarnizko jaietako egitarauaren barruan eta Iluntzar Jai Batzordeak antolatuta eta Nabarnizko Udalaren laguntzagaz. Proba hori, gainera, Urdaibai Koparako puntuagarria izango da.
Mendi lasterketa, funtsean, igoera formatukoa izango da. Izan ere, Lekerika auzotik Iluntzar mendiaren tontorrera igo beharko dira korrikalariak. 13:00ean emango zaio hasiera lasterketari; parte hartzaileen zazpi kilometroko ibilbidea edukiko dute aurretik, 400 metro inguruko desnibel positiboagaz.
Podiumeko lehendabiziko hiru sailkatuek dirusaria jasoko dute: irabazleak ehun euro; bigarren sailkatuak, laurogei; hirugarrenak, ostera, berrogei. Egunean bertan izena emateko aukera izango duten arren, jadanik internet bitartez egiteko aukera ede badago; hain zuzen ere, www.herrikrosa.com web orrialdean sartuta ere eman daiteke izena korrikalariek.
Gaur-gaurkoz, hogeita bat mendi lasterkarik eman dute izena, eta gehiago ere animatzea espero dute. Izena eman duten gehienak Busturialdekoak dira, eta Urdaibai Kopan lehiatzen dabiltzanak nabarmentzen dira.
Inguruko lasterkari onenak. Arrolape Mendi Klubeko partaideak irteera lerroan egotea aurreikusten dute antolatzaileek; hain zuzen, elkarte horretako Kepa Bastegieta, Unai Martin edota Beñat Oar ageri dira, besteak beste, behin-behineko izen ematean.
Horiez gain, Gernika Atletismo Taldeko Alluitz de Bilbao ere izena eman duten korrikalarien artean dago; kortezubitarrak marka guztiak apurtu ditu trailean. Horren erakusle da, esate baterako, Mundu Kopan Europako onenekin lehiatu eta 39. postua eskuratu izana. Trailaz gain, pistan eta krosean ere maila handia erakutsi du De Bilbaok.