Euskadiko junior txirrindularirik onenek hitzordua dute Ajangizen
Astelehenean I. Ajangizko Udala Sari Nagusia lehiatuko dute. 77 kilometroko ibilbide gogorra edukiko dute aurretik txirrindulariek. Bizkaiko eta Arabako taldeak bertaratuko dira, Kantabriako batzuez gain. 70 txirrindulari inguru egongo dira irteeran, eta lasterketa gazte mailako Bizkaia Torneorako puntuagarria izango da.
Datorren astelehenean, hilaren 25ean, I. Ajangizko Udala Sari Nagusia lehiatuko dute, 10:00etan hasita. Gazte mailako Bizkaia Koparako puntuagarria izango da Ajangizen estreinako lehiatuko duten proba horrek. 17 eta 19 urte bitarteko txirrindulariak izango dira irteera eta helmuga kokaturik egongo den Mendieta auzoan, eta 77 kilometroko ibilbide gorabeheratsua eta bihurgunetsua osatu beharko dute.
Parte hartzaileek, lehenik eta behin, Arratzuko bira bi egin beharko dituzte: Ajangiztik Marmizera, Zarrabentara eta Arratzura joko dute, Gernika-Lumoko Errenteria auzotik berriro Ajangizera igotzeko; birritan egingo dute ibilbide hori. Hirugarren itzulian, baina, Marmiztik Mendatara igoko dira, ondoren Muniketagane, Zugastieta, Urrutxu eta Albiz barnebiltzen dituen itzuli handia egiteko; lasterketaren azken zatian, berriro egingo dute hirugarren eta azken Arratzuko bira. 12:10 aldera helmugaratzea aurreikusi dute Gernikesa Txirrindulari Elkarteko antolatzaileek.
Tarteko helmugak eta mendiko saria ere egongo dira: lehenengoak Ajangiztik pasatzean lehiatuko dituzte; bigarrenerako puntuak, aldiz, Mendatako eta Muniketaganeko tontorretan edukiko dituzte. Sailkapen horiez gain, txapelketako liderrarena, lehen bizkaitarrarena eta taldekakoa edukiko ditu lasterketak. Bizkaiko eta Arabako talderik onenak Ajangizen egotea espero dute antolakuntzatik, eta baita Kantabriako zenbait talde ere. Guztira, 70 txirrindulari inguru bertaratuko direla uste dute.