Zaintzari buruz informazioa ematen duen gida bat atera dute Busturian
Herrian dauden beharrak identifikatzeko egin duten diagnostikoan oinarrituta argitaratu du Busturiko Udaleko Berdintasun Arloak zaintzari buruzko gida.
Busturiko Udaleko Berdintasun Arloak pertsonen zaintzari buruzko informazio praktikoa ematen duen gida bat diseinatu eta kaleratu du. Helburua da Busturiko bizilagunei herrian egin duten diagnostikoaren emaitzen berri ematea eta zaintzaileei informazio praktikoa ematea.
Diagnostikoa zainketen arloan herrian dauden beharrak identifikatzeko egin dute. Hori egiteko elkarrizketak eta inkestak egin dituzte, eta Emakumeen Kontseiluaren bilerak ere baliagarriak izan dira. “Horietatik guztietatik batutako informazioa aztertu dugu diagnostikoa egiteko. Egin dugun ikerketa lan horren guztiaren emaitza gidan jaso dugu, herri osoak errealitatearen eta baliagarria izan dakiokeen informazio praktikoa eskura eduki dezan”, azaldu du Busturiko zinegotzi Naiara Ruiz Badiolak.
“Zaintza gure gizartearen funtsezko erronketako bat da. Lana eta bizitza pertsonala uztartzeko ezintasunak gainkarga emozional eta estresa sortzen ditu, eta familia askok ezin dituzte euren nagusiak gura bezala zaindu. Zainketen krisi horrek kezkatzen eta arduratzen gaitu Busturian. Zaintzaileak zaindu gura ditugu, eta egin dugun diagnostikoari esker, gure herritarren benetako egoera ezagutu ahal izan dugu, eta horren arabera jardun dezakegu, laguntza, informazioa eta baliabideak eskainiz, hobeto antolatzen laguntzeko eta zaintzeko lana baldintza hobeetan eroateko”, nabarmendu du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.
II. Berdintasun plana. Busturiko zaintzari lotutako zerbitzuen gidak herrian egindako diagnostikoaren ondorio nagusiak batzen ditu. Diagnostikoa Busturiko II. Berdintasun Planaren baitan garatu da, “bertan onartzen da zaintza eta erantzunkidetasuna funtsezkoak direla gizartea bidezkoago eta zuzenagoa izateko”.
Busturiko udalerriko zainketen egoerari buruzko diagnostikoak, zentzu zabalean ulertuta, “gainditu beharreko ahuleziak” identifikatu gura izan dituela azaldu dute, baita ere “mantendu beharreko indarguneak eta lortu gura ditugun hobekuntzak”. Besteak beste, honakoak ezagutu gura izan dituzte: zainketen ardura norena den, zein kolektibok behar duen zaintza gehien, zeintzuk diren dauden baliabideak edo zer egin daitekeen hobetzeko.
Gidak jasotzen duen ondorioetako bat da zainketen erantzukizun soziala oraindik ere emakumeei dagokiela, %92,6k seme-alabak zaintzeko eszedentziak hartzen dituzte, eta %82,6k mendekotasunen bat daukaten pertsonak zaintzeko. Beste alde batetik, etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek 5,1 ordu ematen dituzte egunean adin txikiko seme-alabak zaintzen, gizonek, berriz, 3,3 ordu egunean.
Gida horretan bertan, mendeko adinekoen zaintzaileentzako hurbileko baliabideei buruzko informazio erabilgarria ere sartu dute, hala nola, Zainduz proiektua, familia zaintzaileei arreta eta laguntza ematekoa (busturialdeazainduz.eus) eta guraso eta zaintzaileentzako edo etxeko langileentzako dauden laguntza taldeak, elkarteak eta komunitate sareak.