Pablo Gonzalezen eskubideak defendatzeko eskaria, Bizkaiko Batzar Nagusietan
Bizkaiko Batzar Nagusiek euskal erakunde zein Espainiako Gobernuari eskatu diete Poloniako agintarien aurrean Gonzalezen eskubideak errespetatu ditzatela aldarrikatzeko, baita behar diren kudeaketak egiteko ere, "prozesu honetan jasandako eskubide urraketei amaiera emango dien prozedura berme guztiekin gauzatzeko". Poloniako agintariak Europar Batasuneko Oinarrizko Eskibideen Gutunaren 47. artikuluan ezarritakoa "urratzen" ari direla salatu dute.
Bizkaiko Batzar Nagusiek elkartasuna adierazi die Pablo Gonzalezi eta bere senitartekoei, eta euskal erakunde zein Espainiako Gobernuari eskatu diete Poloniako agintarien aurrean kazetariaren eskubideak errespetatu ditzatela aldarrikatzeko, baita behar diren kudeaketak egiteko ere, “prozesu honetan jasandako eskubide urraketei amaiera emango dien prozedura berme guztiekin gauzatzeko”.
Kezka adierazi dute Poloniako agintariek behin-behineko espetxealdia neurriz kanpo erabiltzearen ondorioz kazetari elantxobetarra jasaten ari den egoeragatik, eta Poloniako agintariak Europar Batasuneko Oinarrizko Eskibideen Gutunaren 47. artikuluan ezarritakoa “urratzen” ari direla salatu dute. Gainera, onartu dute Gonzalezen atxiloketa eta espetxeratzea “albiste txarra” dela prentsa eta informazio askatasunarentzat, “gizarte aske eta demokratiko baterako oinarrizko bermeetako bat delako”.
Aldi berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek herritarrak babestu eta bultzatzen dituzte Gonzalezi eta bere familiari elkartasuna adierazteko eta hura aske uzteko egiten diren mobilizazioetan parte hartzera.
Izan ere, hiru hilabete baino gehiago dira atxilotu zutela–Poliniako zerbitzu sekretuek otsailaren 28an atxilotu zuten Gonzalez– “atzerriko indar batentzat espioitza lanak egitearen” akusazioagaz. Ordutik gaur egunera arte, prebentziozko espetxealdian dago Rzeszow-ko espetxean.
Atxilotu zutenetik Gonzalezen abokatuak eta familiak salatu dute kazetariaren eskubideak “behin eta berriro” urratu dituztela, ezarri dioten inkomunikazio aldi luzearen ondorioz. “Bere abokatuagaz hartu-emanetan jartzea eragotzi diote eta ofiziozko abokatu bat ezarri diote. Gainera, ofiziozko abokatu horri ukatu egin diote kasua aurkezteko behar duen dokumentazioa”, azaldu dute.
Ez dela gerra testuinguru batean kazetarien eskubideak urratzen diren lehen aldia diote Batzar Nagusiek, baina eskubideen urraketa horrekin amaitzeko eskatu dute: “Ez da eskubideak urratu zaizkion kazetari bakarra, baina ez dira eskubideen urraketak bakarrik: dagoeneko hainbat dira gerra horretan hil dituzten kazetariak. Bere garaian Jose Couso edo Julio Anguita Parrado hil zituzten modura”.
Hala eta guztiz ere, Mugarik Gabeko Kazetariak elkartearen salaketagaz bat egin dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Izan ere, elkarteak dioenez, Gonzalezen kasu honen aurretik “ez da horrelako beste kasurik ezagutzen Europar Batasuneko lurzoruan europar kazetari bat atxilotu, babesik eta lege laguntzarik barik utzi eta haren berme prozesalak, oinarrizko eskubideak eta errukibakotasun presuntzioa urratu zitzaizkionik”.