Goi-mailako bikoteak lehiatuko dira zesta-puntaren katedralean
Domekan hasiko da Gernika Jai Alai Grand Slama eta finala abuztuaren 16an izango da. Estreinakoz zenbakidun sarrerak egongo dira. Lekerika jokatzeko prest dago.
Gernika Jai Alai Grand Slam txapelketa aurkeztu dute gaur Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Udako txapelketarik esanguratsuenetakoa da Gernika-Lumokoa, eta aurten ere goi-mailako puntistek jokatuko dute bertan.
Markina-Xemein Jai Alai Grand Slamean gailendu berri diren Aritz Erkiaga eta Jon Bullet Zabala han egongo dira. Ispastertarrak lesio batetik itzuliko den Unai Lekerikagaz jokatuko du; markina-xemeindarrak, ostera, profesional mailan azken denboraldia lehiatzen ari den Diego Beaskoetxeagaz jokatuko du. Markina-Xemein Grand Slameko eta Winter Serieseko txapeldunordeak, Jean Dominique Olharan eta Nicolas Etxeto, Gernika-Lumon izango dira. Olharanek Imanol Lopez izango du atzeko koadroetan, eta Etxeto, berriz, Xabi barandika gernikarraren atzelaria izango da.
Txapelketako azken bi bikoteak ere goi-mailakoak izango dira: batetik, Iñaki Osa Goikoetxea beterano zumaiarrak Jai Alain estreinakoz jokatuko duen Thibault Basque atzelari bidartarra izango du bidelagun; bestetik, Alex Hormaetxea bermeotarrak Aimar Aldazabal berriatuarra izango du aldamenean. Hormaetxearentzat ere hasiera usaina izango du Gernika Jai Alai Grand Slamak; izan ere, denbora luzez Bizkaiko pilotalekuetan jokatu barik egon da, eta bere itzulera Gernika-Lumoko Jai Alai handian egingo du.
Txapelketako aurkezpenean parte hartuko duten puntistak eta antolatzaileak nahiz babesleak egon dira gaur. Agerraldi horretan aurreratu zuten udako lehiaketak Jai Alai Winter Serieseko formatu bera izango duela: zuzeneko musika, DJak eta zesta-punta uztartuko dituzte.
Txapelketa domekan abiatuko da eta abuztuaren 16an, Gernika-Lumoko jaietan bete-betean sartuta, izango da final handia; tartean, abuztuaren 13an jokatuko dituzte finalerdikoak. Lehen hiru partiduetako sarreren prezioa 10 eurokoa izango da; finalerdi eta finaleko prezioa, aldiz, 15ekoa; horrez gain, 50 euroko bonuak ere salgai daude jada. Berrikuntza bezala, sarrerak zenbakidunak izango dira eta, ilarak ekiditeko, ikusle bakoitzak gura duen jesarlekua hautatu ahalko du.
Lekerika, lehiarako prest. Erkiaga eta Lekerika dira iazko garaipena defendatu beharko dutenak. Atzelari gernikarra Donostia Grand Slameko finalean jasandako lesiotik “guztiz berreskuratuta” ageri da; bost asteren ondoren jokatzen hasita, “apur bat kargatuta” dagoela adierazi du. Dena dela, Erkiagak eta berak argi dute hautagai nagusietako batzuk direla. “Atsegin dugun jokoa egitea lortzen badugu, irabazi ahalko gaituzten bikote gutxi daude”, adierazi du Ispasterko aurrelariak.
Beaskoetxea “ilusioz eta gogotsu” agertu da puntista profesional gisa jokatuko duen azken Gernika Jai Alai Gran Slamaren ataritan: “Ohorea da Zabalaren alboan eta horrelako txapelketa handi batean jokatzea; txapela eskuratuta erretiratzea espero dut”. Atzelari markina-xemeindarra ez da ausartu hautagairik aurreratzera: “Aurtengo hiru txapelketetan hiru bikote ezberdin gailendu dira eta, beraz, edozeinek lor dezake garaipena”.
Hormaetxea bermeotarrak “erronka handia” ikusten du udako txapelketan: “Hiru hilabete egin ditugu Aimarrek eta biok lehiaketa honetarako prestatzen, eta sasoi puntu bikainean helduko gara. Esango nuke hautagai nagusiak gu geu garela”. Barandika gernikarrak eta Etxeto ahetzetarrak osatutako bikotea ere maila oso handian aritzea aurreikusten da. “Donostian irabazi ostean, Etxetok Markina-Xemeinen ere garaipena lortu zuen, eta, hortaz, esango nuke Gernikan ere garaipenaren lehian ibiltzeko bezainbeste bagarela”, azaldu du Barandikak.
EGUTEGIA:
- Uztailak 24, domeka (12:00)
Goikoetxea-Basque vs. Hormaetxea- Aimar
Erkiaga-Lekerika vs. Olharan-Lopez - Uztailak 30, zapatua (21:00)
A. Uztailak 24ko irabazlea vs. Barandika-Etxeto
B. Uztailak 24ko irabazlea vs. Beaskoetxea-Zabala - Abuztuak 6, zapatua (21:00)
A. Uztailak 24ko galtzailea vs. Barandika-Etxeto
B. Uztailak 24 galtzailea vs. Beaskoetxea-Zabala - Abuztuak 13, zapatua (21:00)
Finalerdiak - Abuztuak 16, astelehena (12:00)
Finala