Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak jadanik badaki zein izango den datorren denboraldiko EuroCup Women lehiaketako bere lehendabiziko urratsa. Gernika-Lumoko taldeak aurretiazko kanporaketa jokatuko du Phantoms Basket Room taldearen kontra. Partidu hori urriaren 5ean edota 6an izango da, Belgikan; itzuliko norgehiagoka, ostera, etxean jokatuko dute, Malosten, urriaren 12an edo 13an.
Lointek Gernika Bizkaiak, partidu horretan aurrera eginez gero, EuroCup Women lehiaketako H multzoan jokatuko luke. Taldetik adierazi dutenaren arabera, multzo “benetan zaila” da hori. Izan ere, Umana Reyer Venezia talde italiarra, Rutronik Stars Keltern alemaniarra eta Movistar Estudiantes taldeak daude bertan. H taldeko hautagai nagusia iazko denboraldian Euroligan ibilitako Umana Reyer Venezia da; Awak Kuier, Lorela Cubaj eta Antonia Delaere moduko jokalari esanguratsuak daude bertan.
Horrez gain, Keltern ere “talde benetan sendoa” dela adierazi dute Lointeketik; hain zuzen ere, Alemaniako taldetik heldu zen iazko denboraldi erdialdean Lashann Higgs. Movistar Estudiantesi dagokionez, ondo baino hobeto ezagutzen duten etxea da, batik bat, Emakumezkoen Endesa Ligako talde gorenetako bat delako.
Julie Wojta, etxera bueltan. Azken bi denboraldietan Frantziako Tarbes taldean jokatzen ibili ondoren, Julie Wojta Lointekera bueltatuko da 2022/2023 denboraldian. 33 urteko jokalari estatubatuarra Emakumezkoen Endesa Ligako hegalekorik onena izendatu zuten 2019/2020 denboraldian. Izan ere, zenbakiak alde ditu: Frantziako ligan bataz beste 13,1 puntu, 6,6 errebote eta 3,2 asistentzia poltsikoratu ditu; EuroCup Womenen, aldiz, 12,8 puntu, 10,6 errebote eta 3 asistentzia. Malosten jokatu zuenean, ikusleen miresmena eta emaitza bikainak eskuratu zituen, kantxan egon zen bataz besteko 27 minutuetan: 12,8 puntu, 5,2 errebote eta 2 asistentzia.