Mendia, jai giroa eta beroa
170 lagun inguru bildu ditu Kortezubiko 15. mendi martxak. Ibilbide labur eta luzerako irteera orduak moldatu dituzte antolatzaileek, beroagatik. Ostean, mokadua, musika eta jai giroa izan dituzte parte hartzaileek.
Zapatuan Kortezubiko 15. mendi martxa egin zuten. Gure Arbasoen Herria kultur elkarteak antolatutako ekimena izan zen, eta, guztira, 170 martxalari inguru bildu ziren goiz-goizetik hasita. Ibilbide laburra eta luzea egon ziren eta, asteburuko tenperatura altuak zirela eta, antolakuntza lantaldeak ordutegiak moldatu zituen. Martxa luzeko irteera ordu ofiziala 08:30ak izan arren, lehendabiziko parte hartzaileak 08:00ak aldera ipini ziren abian; martxa laburrean, ostera, 10:30ean ateratzekoak ziren, baina lehenengoek 09:00etan ekin zioten bideari. Dena dela, ordutegi finkoei eutsi ziotenak ere egon ziren, antolatzaileek azaldu dutenez.
Oro har, martxalariek sortutako giroagaz “oso asebeteta” agertu dira antolakuntzakoak, eta parte hartze kopuru hori “aurreikusten zutela” adierazi dute: “Martxa egin genuen azken aldian baino lagun gutxiago elkartu gara, baina badirudi horrek azken garaiotako dinamikari erantzuten diola eta, beraz, ez genuen jende gehiagorik espero; izan ere, inguruko herrietako martxetan, Ajangizkoan kasurako, jende gutxi samar ikusi dugu eta, hortaz, ez genuen jendetza handirik aurreikusten”. Martxalariek Arrapaladan taldekoen musika eta jana nahiz edana eduki zituzten helmuga gunean. Bero itogarria egin arren, jai giroa nagusitu zen, behin ibilbide biak amaituta.