Alejandro Silva Triñanesen senideek hura zendu zen eta ehortzi zuten lekua ezagutu dute
1940ko urtarrilaren 29an hil zen Silva Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean, 30 urte zituela eta tuberkulosiak jota.
Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean (1938.-1940) hil zen Alejandro Silva Triñanes galiziarraren senideek Silva zendu zen eta ehortzi zuten lekua ezagutu zuten joan den zapatuan. Boirotik (A Coruña) hurbildu ziren udalerrira, izan ere, iaz ezagutu zuten harri jotzaile galiziarra eta preso errepublikarra non zegoen, hura hil eta 81 urteren ostean.
1940ko urtarrilaren 29an hil zen Silva, 30 urte zituela, tuberkulosiak jota –presondegian hil ziren gehienak bezala–, 1939ko abenduaren 19an Zumaiako Ospitaletik Gernika-Lumora ailegatu eta gero. “Emaztea eta semea zituen Silvak, eta ez zuten haren berririk izan”, adierazi dute Pipergorri Kultur Elkartekoek. Zehaztu dutenez, semeak “beti” gogoratu eta bilatu gura izan zion, eta aitaren oroitzapena transmititu zion familiari.
Senideek loreak jarri dituzte, Alejandroren omenezko maitasunaren sinbolo gisa, Zallo hilerrian dagoen preso errepublikarren omenez oroigarrian.