Gazte enpresak sortzeko eta sendotzeko diru laguntza eskatzeko epea amaitzear dago
Eskaerak barikura arte egin ahal izango dira. Onuradunak 35 urtetik beherako gazteak izango dira, 2021ean enpresa bat sortu dutenak eta Gaztedi Busturialdea proiektuaren parte diren udalerrietan erroldatuta daudenak.
Beste urte batez, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek, Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute Gaztedi Busturialdea proiektua garatzeko eta gauzatzeko. Helburua lankidetzarako esparrua ezartzea da, Busturialdeko udalerrietan gazteriaren arloko politika integrala ezarriz, sustatuz eta garatuz. Zentzu horretan, proiektuak biltzen dituen herrietan erroldatutako gazteek enpresak sortu eta hauek sendotzeko diru laguntza eskatzeko epea barikura arte dago zabalik.
Planaren zuzkidura ekonomikoa 21.080 eurokoa da, eta onuradunak 35 urtetik beherako gazteak izango dira, iaz enpresa bat sortu dutenak eta Gaztedi Busturialdea proiektuaren parte diren udalerrietan erroldatuta daudenak.
Laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da, betiere orain arte egindako inbertsioa 600 eurotik gorakoa izan bada. Hala ere, zehaztu dute laguntza horiek enpresak sortzeko eta sedotzeko beste laguntza batzuekin bateragarriak direla.
Bete beharreko baldintzak.
Laguntzen onuradun izateko bete beharreko baldintzak jakinarazi dituzte. Hori horrela, eskatzaileak Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) eta Langile Autonomoen Araubide Berezian edo baliokidean alta emanda egon beharko dira, 2021/01/01ean eta 2021/12/31n, biak barne. Gainera, bazkideetako batek, gutxienez, 36 urte bete barik izan beharko ditu, eta EJZn alta emanda egon beharko da.
Gazteek dokumentazio hori erakusteaz gain, NA aurkeztu beharko dute, baita ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin egunean egotearen ziurtagiria ere. Halaber, proiektuaren bideragarritasun eta negozio planak erakutsi beharko dituzte, baita langileen kontratuak ere, “halakorik edukiz gero”. Zinpeko aitorpena eta lan eremuaren alokairu kontratua edo salerosketaren dokumentazioa ere aurkeztu beharko dituzte.
Eskaerak Bermeoko GIZen –Irakaskintza kalea, 14-16 –, Gernika-Lumoko Gazteentako Informazio Bulegoan –Foru plaza 2– edota Busturialdeko Herri Txikien Gazteria Zerbitzuan –Domingo Alegria enparantza, Gernika-Lumo– aurkeztu beharko dira.