Beroaren kontrako neurriak hartuko dituzte Kortezubiko 15. mendi martxan
Zapatuan egingo dute Kortezubiko 15. mendi martxa. Ibilbide luzea eta laburra egingo dituzte, eta parte hartzaileek mokadua izango dute amaieran. Astebururako iragarritako beroa dela eta, bi ibilbideetan parte hartzeko ordutegiak moldagarri egin dituzte antolatzaileek.
Zapatuan, hilaren 16an, Kortezubiko mendi martxa egingo dute. Gure Arbasoen Herria kultur elkarteak antolatutako egitasmoa da, eta aurtengoa martxa egiten duten 15. aldia izango da, koronabirusaren pandemia egoerak sortutako etenaldiaren ondoren. Parte hartze esanguratsua aurreikusi dute antolatzaileek, azken aldian egon zenaren parekoa; 300 lagun bildu ziren, gutxi gorabehera. Martxa amaitutakoan, gainera, parte hartzaileek txistorra eta lekuko txakolina dastatzeko aukera paregabea izango dute, trikiti doinuz girotuta; horrez gain, guztiek jasoko dute, opari modura, mendi martxako kamiseta bat.
Ibilbide bi atondu ditu antolakuntza lantaldeak: luzea eta laburra. Luzea 23 kilometrokoa izango da eta, besteak beste, Ereñozar, Oma, San Lorentzo, Elorrixa edota Enderika edukiko ditu ibilbidean; hornidura postu bat ere izango du, hamalaugarren kilometroan kokatua. Martxa laburrak, ostera, hamar kilometroko luzera izango du eta martxalariek, batik bat, Terlegiz, Arteta, San Lorentzo, Elorrixa eta Enderika dauzka tartean; ibilbide laburrean, hornidura eremua bosgarren kilometroan izango da, hau da, martxaren erdialdean.
Egunean bertan izena emateko aukera egongo den arren, dagoeneko apuntatu daiteke. Horretarako, hainbat bide proposatu dituzte antolatzaileek: batetik, Lagunetxea tabernan, Ardi beltza Kortezubiko herriko tabernan edota Kortezubiko udaletxean; bestetik, Laboral Kutxan transferentzia eginez ere bai. Horretarako, izen-abizenak jarri beharko dira, eta transferentzia ES80 3035-0022-41-0221154997 ibanera egin beharko da. 14 urtera artekoek sei euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek, aldiz, zortzi; egunean izena emanez gero, prezioa hamar eurora igoko da.
Beroarentzako neurriak. Astebururako aurreikusita dauden tenperatura beroen aurrean, Kortezubiko mendi martxako antolakuntzak neurri bereziak hartuko ditu, istripuak ekiditeko. Bi martxen irteera ordutegiak moldagarri bihurtuko dituztela aurreratu dute. Horrenbestez, ezarritako orduez gain, “beste aukera batzuk” izango dituzte martxalariek irteera hartzeko. Martxa luzekoek, 08:30ean dute irteera ordu ofiziala, baina 08:00etan hasteko aukera izango dute. Era berean, ibilbide laburrekoak 10:30ean abiatzea aurreikusita egon arren, 09:00etan nahiz 10:00etan hasi ahalko dira. Antolakuntzatik, hain zuzen ere, parte hartzaileek “ahalik eta goizen ateratzeko deialdia” luzatu diete, “eguerdi aldeko bero handia saihesteko asmoz”.