Zeharreta kirol eremuko saskibaloi kantxak estaliko ditu Gernika-Lumoko Udalak
Saskibaloi kantxak estaltzeaz gain, harmailak jartzea eta zorua berritzea aurreikusi du udal administrazioak. Obra aurten egiten asmoa daukate udal arduradunek.
Allende Salazar ikastetxe publikoak eta Seber Altube Ikastolak partekatzen duten udaleko Zeharreta kirol eremua hobetzeko asmoa duela iragarri du Gernika-Lumoko Udalak. Hain zuzen ere, hezkuntza gunearen balio anitzeko frontoi estalia eraiki eta gero, saskibaloiko bi kantxak estaltzea aurreikusi du orain, harmailak jartzeaz eta eremuaren zoladura berritzeaz gain.
Udal arduradunek zehaztu dutenez, udalak eman ditu azpiegitura berria gauzatzeko lehenengo pausoak, izan ere, proiektua idatzita dago, eta hilabeteko epean onartzea espero dute. Lanok aurten egiteko asmoa dute, 417.679,67 euroko inbertsioagaz.
Egokituko den guneak 885 metro koadroko azalera dauka, eta, ikastetxeko pilotalekuari lotuta dago. Harmailak, hain zuzen ere, bi eremuen artean egongo dira kokatuta, pilotalekuko bankadatik pistetara bitarteko eremuan, eta 5 metrotik gorako kota aldea edukiko dute.
Azpiegitura berria Allende Salazar eta Seber Altube ikastetxeetan ikasten ari diren 1.500 ikasleentzat izango da, eta jolas orduetan eta eskola orduetan erabili ahal izango dute. Era berean, herritar guztientzat egongo da erabilgarri. Zehaztu dutenez, Kiroletako Udal Patronatuak kudeatuko du.