Uda giroko iluntzeen kolorea
Ilunabarrak plazan zikloa hasi dute hirugarrenez, Arratzun. Joan den eguenean egin zuten lehenengo saioa, eta Arrimu taldea izan zen ilunabarra girotzeaz arduratu zena. Aste honetan Lilibertsoko kideek hartuko dute plaza.
Eskaintza kulturala bultzatu asmoz, Ilunabarrak plazan zikloa hasi dute hirugarrenez, Arratzun. Herriko zenbait gazte eta gurasoren ekimenez, hiru astez jarraian, iluntzeak musikak koloreztatuko ditu. Joan den eguenean egin zuten lehenengo saioa, eta Arrimu taldea izan zen ilunabarra girotzeaz arduratu zena.
Hainbat herritarrek bat egin zuten deialdiagaz, eta giro polita sortu zuen Murgiako hiru emakumek osatzen duten taldeak.
Eguen honetan, Lilibertso bertso eskolako kideak egongo dira. Ohikoa da eskualdeko bertsolari taldearen presentzia Arratzuko ilunabarretan, eta Lilibertsokoak prest dauden bitartean Arratzun plaza bat izango dutela adierazi dute Egigun elkartekoek. “Uste dugu eskualdeko halako proiektu bat babestea eta bultzatzea dagokigula. Gainera, eurek ere Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren saioren bat edo beste Arratzun antolatu ohi izaten dute”, arrazoitu dute.
Bizirik dagoen herria.
Ilunabarrak plazan ekimenagaz udalerriko kultur eskaintza eta aisialdirako plana bultzatzea bilatzen dute: “Arratzu, zorionez, oso herri bizia da gaur egun. Ume eta gazte asko daude. Adinean aurrera goazen heinean, guraso zein seme-alabentzako eskaintza antolatzen saiatzen gara”.
Arratzuko herritarrei zuzendutako ekimena da, baina inguruko herrietako bizilagunei ere gerturatzeko deia egin diete. “Guretzako plazerra da gure plazako kultur ekimen batean inguruetako herrietako bizilagunak batzea”, adierazi dute.