Santa Mañe jaiak, ate joka
Akordako Santa Mañe jaiak ospatuko dituzte asteburuan. Zapatuan erromeria izango da; domekan, aldiz, euskal dantza emanaldia eta umeentzako puzgarriak.
Ibarrangeluko Akorda auzoa jai giroz jantziko da datorren asteburuan. Izan ere, Santa Mañe jaiak ospatuko dituzte zapatuan nahiz domekan. Horrenbestez, Gorpuzti Jaiak oraindik burutik kendu ezinda, Akordako Jaietan murgilduko dira ibarrangelutarrak. Egun biko egitaraua antolatu du Ibarrangeluko Udalak. Zapatu gauean emango zaie hasiera jaiei. Herritarrak jan-edanaren inguruan bilduko dira, eta giroa Obieta Aita-Semeak taldeak alaituko du. Erromeria 21:00etan hasiko da. Ibarrangeluko Udalak eskualdeko musikarien aldeko apustua egingo du, eta musikariek plaza dantzan ipintzea espero dute.
Domekan, jaiak ez du etenik izango, eguerdi aldetik hasita: 13:00etan, euskal dantza ikuskizuna egongo da Ibarrangeluko Lorea taldearen eskutik; herriko umeek oraintsu gorpuztietan egin dute dantza, eta jendeak begi onez hartu dute emanaldia. Arratsaldean, 17:30ean, haurrentzako jolasak eta puzgarriak egongo dira. Ibarrangeluko Udaletik jende gehien domeka eguerdian bertaratzea aurreikusten dute: izan ere, dantzak, poteoak eta sortzen den giroak asko erakartzen ditu bai herrikoak, bai ingurukoak.