Sankristobalek girotu dituzte herriak
San Kristobalen txanda izan da asteburuan, eta Busturia, Forua, Gernika-Lumo eta Nabarniz giroz bete dituzte gidarien santuaren omenezko festek.
Denborarik galdu barik, Busturialdeko herritarrek jaietan murgilduta jarraitzen dute. San Kristobalen txanda izan da asteburuan, eta Busturia, Forua, Gernika-Lumo eta Nabarniz giroz bete dituzte gidarien santuaren omenezko festek.
Busturiko San Kristobal auzoko jai handiak izaten dira sankristobalak, eta eskualdeko gazte zein nagusien topagune bihurtzen dira. Adin guztiei zuzendutako egitaraua prestatu dute beste behin, eta egunez zein gauez ondo pasatzeko aukera paregabea eduki dute busturiarrek.
Txupina jaurtita hasi ziren festak barikuan, Ukrainako errefuxiatuen aldeko 100 kilometroko elkartasun martxak bere bideari ekin zion une berean. Antzerkiak hartu zuen arratsaldean udalerriko plaza, eta musikak hartu zion lekukoa.
Zapatuan, danbor hotsak entzun ziren Busturian, eta Trikizioren, La Topaderaren eta Dj Jaikideren doinuek girotu zuten iluntzea eta gaua.
Txistularien txanda izan zen domekan, eta meza entzun ostean, Irrintzi Alai Dantza taldearen dantza erakustaldiaz gozatu zuten bertaratu zirenek. Gero, ohi legez, hain esperotakoa den kotxe apainduen erakusketak hartu zuen plaza; aurten zortzi izan dira apaindu dituzten autoak. Arratsaldean umeen parkeak eta Beldur Barik guneak jarri zituzten, eta gaztetxoenek ondo pasatzeko aukera izan zuten. Txokolate janagaz agurtu zituzten auzoko festak.
Gernika-Lumoko Agarre auzoan ere, ondo pasatzeko aukera izan zuten herritarrek. Adin guztietako herritarrentzako apar jaiagaz hasi zituzten festak barikuan, eta, zapatuan, dagoeneko tradizio bihurtu den Agarreko jaietako Tortilla Txapelketa lehiatu zuten; 19 tortilla aurkeztu zituzten lehiaketara. Turistratzen antzerkiak hartu zuen lekukoa, eta sardina eta txokolate janagaz agurtu zuten eguna.
Sukalki eguna izan zen atzokoa, suaren berotasunean prestatu baitzituzten jatekoak; 15:00etan herri bazkarian elkartu ziren gernikarrak. Elai Alai dantzari taldeak ere ikuskizuna eskaini zuen, hiru tokitan dantzatu baitzuten: San Frantzisko elizan, Agarreko plazan eta Zallo Barri Tabernaren aurrean. Jaiak hasi bezala amaitu zituzten, umeentzako jolasekin.
Foruan, San Kristobal ermitaren inguruan elkartu ziren foruarrak asteburuan. Lehenengo Paella Txapelketa antolatu zuten, eta prestatutakoak jateko herri bazkarian elkartu ziren herritarrak zapatuan. Domekan, berriz, Urdaibai Dantza Taldearen erakustaldia izan zuten inguru horretan.
Nabarnizen ere, festa giroa nagusitu zen atzo San Kristobalen ermitaren inguruan. Postuak jarri eta euskal dantzez gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.