'Oso pozik' daude Gorefest jaialdiak izan duen harreragaz
Barikuan Nestor Basterretxea aretora bertaratutakoek, hamabi film labur ikusteko aukera eduki zuten, tartean, Iñigo Atxaren 'Inhumano'. Jarri zutenean areto barruan txaloak, barreak...entzun zirela diote, une "polita" izan zela aipatuta.
Ohiko formatuan bueltatu da aurten Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Gorefest jaialdia, eta antolatzaileak “oso pozik” geratu dira jaialdiak aurten izan duen harreragaz.
Diotenez, pandemia aurreko urteetan baino ikusle gutxiagoa bertaratu dira, baina egon direnak “gustura” egon direla aipatu dute: “Esan digute film laburren aukeraketa oso ona egin dugula, eta mota guztietako film laburrak jarri ditugula. Azken urteetako aukeraketa onena izan dela esan digute”.
Barikuan Nestor Basterretxea aretora hurbildu zirenek, hamabi film labur ikusteko aukera eduki zuten. Film laburren artean, gainera, lehenengoz, Bermeon eta Euskal Herrian Spookypheria Productions elkarteko kide Iñigo Atxaren Inhumano film laburra ikusteko aukera egon zen; izendapen eta sari ugari jaso dituen film laburra da Atxarena. “Inhumano jarri zenean barreak, txaloak…egon ziren areto barruan, oso une polita izan zen”, dio film laburraren zuzendariak. Gaineratu du oraindik ikusita ez zeukaten lagunei “asko gustatu” zaiela; “esan didate normala dela hainbat izendapen eta sari jaso izana, hortaz, pozik eta gustura gaude”.