Madalen Egunean udalbatzaren ontzian joateko lekuak zozkatuko dituzte
18 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute zozketan, eta Bermeon erroldatuta egotea beharrezkoa da. Uztailaren 15era arte eman daiteke izena.
Pandemia aurretik egin bezala, Madalen Egunean, uztailaren 22an, Izarora joateko hainbat leku zozkatuko ditu Bermeoko Udalak herritarren artean. Zozketako irabazleek udalbatzagaz batera itsasontzian Izarora teila jaurtitzera joateko eta Madalen Eguneko jaia ospatzeko aukera edukiko dute.
Zozketan parte hartu gura dutenek Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoan (www.bermeo.eus) edo Berhaz bulegoan (astegunetan, 08:00etatik 14:30era) izena eman dezakete; uztailaren 15a (barikua) izango da izena emateko azken eguna.
Udaletik azaldu dutenez, 18 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute zozketan, eta Bermeon erroldatuta egotea beharrezkoa izango da. Pertsona bakoitzak behin bakarrik eman dezake izena, hala ere, banaka edo bikoteka izena eman daitekeela adierazi dute. Aurreko urteetan zozketa horren bitartez Madalen Egunean Izarora joateko aukera izan duten horiek ezingo dute aurtengo zozketan parte hartu.
Zozketa uztailaren 19an egingo dute, eta jarraian, Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) emango dituzte ezagutzera irabazleen izen-abizenak.