1.000 ikus-entzuleren topalekua izango da Haziberri
Dena saldu dute. Bigarrenez hartuko du bihar Haziberrik Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea, eta 1.000 ikus-entzule bilduko ditu bertan.
Hazi berria ereiteko prest daude ingurumena errespetatzea eta zaintzea oinarri dituen Haziberri kultur proposamenaren antolatzaileak. Bigarrenez hartuko du ekimenak Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea bihar, eta 1.000 ikus-entzule bilduko ditu bertan. Dena saldu dute. “Iazko edizioa pandemiak markatutakoa izan zen, eta 600 sarrera saldu genituen, baina, aurtengoan, 1.000 pertsonentzako edukiera zabaltzea erabaki dugu, eta dena saltzea pozgarria izan da”, azaldu dute antolatzaileek.
Formatu berezian eta eredu jasangarriari eutsiz, musika kontzertuak eskainiko dituzte oraingoan ere, eta Eñaut Elorrieta, Izaro eta Idoia Azurmendi izango dira biharko iluntzea doinuztatzeaz arduraduko direnak. Arin esaten diren izenak dira, baina sekulako pisua daukate euskal musikagintzan. Azurmendik duela pare bat urte hasi zuen bere ibilbide artistikoa, baina “indar eta sentsibilitate” handiko musikaria da, eta dagoeneko bere lekua dauka euskal musikaren eszenan. Izaro, bere aldetik, Gernikan aritutakoa da, duela zazpi urte eskaini zuen kontzertua udalerrian, eta, orain, bueltan dator. Eta, Eñaut Elorrietari, orain arteko ibilbide oparoaren aintzatespena egin gura diote. “Euskal kulturaren urrezko orrietan idatzita geratuko den musikaria da Elorrieta, eta oraindik egiteko eta emateko asko dauka. Gernikarra da, etxean joko du, eta gernikarren berotasuna sentitzea nahi genuke”, aitortu dute antolatzaileek.
Musika da Haziberri, kultura da, baina egiteko modu bat ere badauka. Arduradunek material berrerabilgarriak erabiltzea dute ardatz, eta barra eta janari postuetatik erabilera bakarreko plastikoa kendu dute eta material biodegradagarri eta berrerabilgarriekin ordezkatu: kristalezko kopak, ur botila berrerabilgarriak… Barrak ere material berrerabilgarriarekin egin dituztela azpimarratu dute.
Bertoko produktuen aldeko apustua ere egin dute: “Guretzat erronka handia da Haziberriren bigarren edizio honetan janaria ematea. Hasieran argi geneukan aurreko urtean edariekin egin genuen bezala inguruko ekoizleekin lan egin behar genuela eta zerbait erakargarria egin, elkarlanean”. Ondorioz, Euskal Kebaba sortu dute, Berteiz Mendiondo okindegiko lantaldeagaz ogi berria sortuz eta Iturbe Anaiak harategiko okelagaz betez.
Ur kontsumoa murrizteko asmoz, parkean iturriak daudela gogorarazi dute. Bestalde, komun idorrak erabiliko dituzte, izan ere, errefusa eta ur konexiorik barik, bost eta zazpi litro ur aurrezten dira pasabide bakoitzean. “Ekitaldiaren ondoren, hondakinak, ongarri eta konposta sortzeko erabiliko dira”, azaldu dute.
Birziklapen plana ere zehaztu dute. Hala, hondakinak bereizteko birziklapen gune bat jarriko dute, paperaren, plastikoaren, organikoaren, beiraren eta errefusaren edukiontziekin. Beira, berriz, gaika bilduko dute barran.
Bihar, 18:00etan zabalduko dituzte ateak, eta Dja egongo da atseden gunean. Kontzertuak, berriz, 19:45ean hasi eta 00:25ean amaituko direla zehaztu dute antolatzaileek.