Karmengo Jaiak ate joka ari dira Busturialdeko hainbat herritan
Bermeon, Elantxoben eta Gautegiz-Arteagan ospatuko dute arrantzaleak babesten dituen santuaren omenezko eguna. Mañun hiru egunez ospatuko dituzte karmenak.
Arrantzaleen babeslearen omenezko jaiak ospatuko dituzte Bermeon, Elantxoben eta Gautegiz Arteagan. Denetariko ekintzetaz gozatzeko aukera edukiko dute, batez ere, bermeotarrek eta elantxobetarrek.
Bermeoko Mañu auzoan ospatuko dituzte karmenak modu berezi eta osoenean. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute Bermeoko Udalak eta Mañuko jai batzordeak elkarlanean.
Uztailaren 15ean emango diote hasiera ospakizunei Mañun. 19:30ean botako dute txupinazoa, jaiei hasiera ofiziala emanez. 20:00etan, Mus Txapelketak batuko ditu, seguruenik, bermeotar zein inguruko karta jokoan zaletu diren asko eta asko. Lehen eguneko eskaintzagaz amaitzeko, zaldi probak egongo dira ikusgai.
Uztailaren 16an, Karmen Egunean, egun osoan egongo dira ekintzak aukeran. 11:30eko meza nagusiagaz hasiko da eguna. Mezatik irteteko orduan, berriz, umeentzako jolasak egongo dira aukeran. Familian joateko arazorik ez da egongo, beraz. Atsedenaldi bat egin ondoren, 19:00etan bueltatuko dira ekintzak berriz Bermeoko auzora; oraingo honetan ere mezan batuko dira jai giroaz gozatzeko.
Inoiz falta ezin diren herri kirolekin jarraituko dute jaiek. Aizkolariak eta harrijasotzaileak izango dira ikuskizuna Mañura eroateko arduradunak. Jaietako azken aurreko egunari amaiera emateko, berriz ere zaldi probetaz gozatu ahal izango da.
Gainera, jai giroa bizirik mantentzeko asmoz, egun osoan ibiliko dira Roberto eta Idoia trikitilariak bertaratutakoak animatzen. Umeek ere izango dute ondo pasatzeko jarduerarik: gaztelu puzgarrietan ibili ahalko dira egun osoan.
Arrantzaleen babeslearen omenezko jaietako egunik potoloena domekan ospatuko dute Bermeon; egun osoan izango dituzte era guztietako ekintzak. Domekan ere meza bategaz emango diote hasiera egunari. Oraingoa herriko hildakoen aldeko meza izango da, eta 11:30ean ospatuko dute. Mezaren ostean, 12:30ean, IV. Patata Tortilla Txapelketarako izen ematea zabalduko dute. 14:00etan jarri dute hitzordua patata tortilla guztiak aurkezteko. Inongo tranparik egon ez dadin, ezinbesteko baldintzatzat jarri dute tortilla plazan bertan egitea. Sari banaketa 16:00etan izango da.
Jaiegunari giro alaia jarriko dio Bermeoko Udalak. Izan ere, 20:00etan trikitilariek erromeria eskainiko dute, eta gura duenarentzat bakailaoa eskainiko dute jaietako antolatzaileek.
Jaiak agurtzeko, zaldi probak lehiatuko dituzte hirugarren egunez. Probak amaitu ostean, sariak banatuko dituzte. Nekazalturismo batean egonaldi baten zozketa ere egingo dute jaiak agurtu aurretik.
Arraunaren eragina. Elantxobek ere, herri arrantzalea izanik, Karmengo Amaren Jaiak ospatuko ditu beste urte batez. Karmen Egunean bertan, uztailaren 16an ospatuko dituzte ekintza guztiak elantxobetarrek. Herriak arraunagaz daukan harreman estua dela eta, umeen estropadekin hasiko dira ospakizunak.
12:00etan, Tinglaupin ospatuko den meza Nagusian batuko dira herritarrak. Mezatik irten ostean, gosea asetzeko aukera ezin hobea egongo da, sardina jana tarteko. 12:45ean, kirolen txanda izango da berriro ere. Urtza Herri Kirol taldeak herri kirolak antolatu ditu Tinglauen. Kirol jardueren ostean, 13:30ean, Beñat eta Argigaz triki poteoaz gozatzeko une ezin hobea izango da. Arratsaldeak kirola eta musika ekarriko ditu. 18:00etatik aurrera umeek karsez gozatzeko aukera edukiko dute ermitzan. Nagusiagoek, berriz, Los Gavilanes mariatxiekin batera tabernarik taberna kantuz ibiltzeko hitzordua izango dute 20:00etatik aurrera.
Gautegiz Arteagan uztailaren 16an egingo dituzte ospakizunak. 12:00etan, ohi modura, mezan batuko dira arteagarrak, eta ostean, dantza eta erromeria giroan ospatuko dute Karmengo Amaren Eguna.
MAÑU (Bermeo)
Uztailak 15, barikua.
19:30. Txupinazoagaz emango diote hasiera Karmengo Amaren jaiei.
20:00. Mus Txapelketa
21:00. Zaldi probak.
Uztailak 16, zapatua.
11:30. Meza nagusia.
12:30. Umeentzako jolasen hasiera.
19:00. Meza
19:30. Herri Kirolak: aizkolariak eta harrijasotzaileak lehiatuko dira.
21:30. Zaldi probak.
Egun osoan. Roberto eta Idoia trikitilariak ibiliko dira eguna girotzen. Gainera, umeentzako gaztelu puzgarria egongo da
ipinita.
Uztailak 17, domeka.
11:30. Herriko hildakoen aldeko meza.
12:30. IV. Patata Tortilla Txapelketarako izen ematea.
14:00. Patata tortillen aurkezpena.
16:00ak inguruan. Patata Tortilla Txapelketaren sari banaketa egingo da. Ezinbesteko baldintza da tortilla plazan bertan egitea.
20:00. Erromeria egongo da trikitilariekin. Nahi duenarentzat bakailoa banatuko dute antolatzaileek.
20:30. Zaldi probak.
Ondoren. Zaldi proben sari banaketa, nekazalturismoan egonaldi baten zozketa eta jaien amaiera.
ELANTXOBE
Uztailak 16, zapatua.
11:00.Umeen estropadak jokatuko dira.
12:00. Meza Nagusia. Tinglaupin. Ostean, sardina jana.
12:45. Herri Kirolak Urtza Herri Kirol taldearen eskutik, tinglauen.
13:30. Triki poteoa Beñat eta Argigaz.
15:30. Arroz-Lapakaz txapelketa. Izen ematea Mentrame tabernan egin beharko da.
18:00. Umeentzako karsak, ermitzan
20:00. Los Gavilanes mariatxiak ibiliko dira Elantxobeko tabernarik taberna mexikanadak abesten.
ZENDOKIZ (Gautegiz arteaga)
Uztailak 16, zapatua.
12:00tatik aurrera. Meza, dantzak eta erromeria, jaieguna girotzeko