Busturiko Seintxu Haur Eskolatik kanpo geratzeko arriskuan daude 5 ume
Kaltetutako familiek sinadura bilketa bat egingo dute. Aitor Aretxaga Busturiko alkateak adierazi du irailerako ume horiek Haur Eskolan egongo direla.
Bost ume Busturiko Seintxu Haur Eskolan izena emateko aukerarik gabe daude momentu honetan, eta horren aurrean, plataforma bat sortu dute kaltetutako familiek zein haur eskolan izena emateko aukera edukiko duten familiek. Hala ere, Busturiko alkate Aitor Aretxagak azaldu duenez, egoera bideratuta dago: «Partzuergoak modulu bat jartzeko baldintzak zeintzuk diren zehaztu dizkigu, eta horretan hasiko gara lanean astelehenean».
Arazoa «gaur egungoa ez dela» salatu dute gurasoek. Izan ere, iraganeko ikasturte batzuetan egoera berdinagaz egin dute topo, eta Partzuergoak eta Busturiko Udalak adostuta, oraingo honetan bezala, behin behineko espazio bat jarri izan da, modulu bat, hain zuzen ere.
Plataformak dio arazoa gertatuko zenaren jakitun zirela Busturiko Udalekoak, eta arazoari orain arte eman dioten konponbidea –moduluak– «partxeak» baino ez direla izan. «Baldintza guztiak beteko dituen espazioak nahi ditugu gure umeontzat, berriro ere horrelakorik gerta ez dadin. Urteetako eskaera da hau, behin eta berriz gurasook eskatutakoa, baina modulu itxurako partxeak jasotzen jarraitzen dugu. Partxe hauekin bukatu eta berme guztiak izango dituen espazio planteamendu oso bat nahi dugu datozen urteotarako».
Aurten berriro ere arazoa egon denean, udalera jo zuten kaltetutako familiek. «Busturiko Udaletik adierazi ziguten interesa zeukatela ume guztiak herrian geratzeko eta horrek suposatuko lituzkeen gastu gehigarriak bereganatzeko, baina proiektua onartzearen ardura Partzuergoarena dela zioten. Umeak kanpoan geratzearen ardura Partzuergoarena litzatekeela». Gauzak hobeto egin ahal izan dituztela dioten arren, udalak beti ere asmo ona eduki duela azpimarratu dute, eta alde horretatik ez daudela haserre aitortu dute.
Erantzun horren aurrean, Partzuergora joan ziren kaltetutako familiak. «Partzuergokoek azaldu ziguten, ordea, ez zeukatela arazorik hezitzaile eta bitarteko gehiago eskaintzeko, baina udala zela baldintza guztiak beteko zituen espazio bat eskaintzearen erantzulea, eta udala bera bazela honen jakitun».
Kaltetutakoek Busturian geratzeko beharra erakutsi dute. Izan ere, ume horien anai-arrebetako batzuk Busturiako Jose Mari Urzelai Eskolan daude, eta gurasoek ez daukate ordu berean ume bat Busturian eta bestea ondoko herriren baten uzteko gaitasunik. Gurasoetako batzuek, gainera, bere lanpostuei uko egin behar izango diote egoera ez bada konpontzen, horrek dakartzan «ondorio latzekin».
Aurrerapausoa. Momentu honetan, udalak aurrera pauso bat eman du, eta Partzuergoagaz elkarlanean, arkitekto bat bidali dute zentrora. Aretxagak azaldu duenez, arkitektoek moduluak bete behar dituen baldintzak zehaztu dizkiete. «Horrela, modulu hauekin lan egiten duen enpresa bategaz jarri gara kontaktuan, eta astelehenean etorriko dira Haur Eskolara». Gaineratu du hasiera batean ez dela inongo arazorik egongo arriskuan dauden umeak irailean herriko Haur Eskolan matrikulatuta egoteko.
Egoera zelan dagoen ikusita, gurasoek azaldu dute behartuta daudela sinadura bilketa bat egitera: «Honen guztiaren aurrean, idatzi eta sinadura bilketa kaleratzea besterik ez dugu izan. Beste medio batzuetara jotzea ere beharrezkoa deritzogu. Geure umeen hezkuntzarako gutxienekoak blindatzea da gure asmoa. Era honetako neurriak hartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, herri txikietako eskolen eta haur eskolen etorkizuna bermatzeko. Beste behin ere, gurasook hartu behar izan dugu iniziatiba funtsezko arazoei aurre egiteko. Uste dugu zerbitzu eta aurretiazko plangintza hauek guztiak administrazio publikoek bermatu eta eskaini beharko lituzketela, alderantziz gertatu behar ez izateko».
Proiektu integrala. «Gurasoon eta familion kontziliazioa errazteko ahaleginaz gain, umeek txikitatik herriagaz lotura izateari eta landa eremuetako haur eskolen balioari eman nahi diogu garrantzia», azaldu dute.
Herrian hezkuntza proiektu integrala behar dutela nabarmendu dute. «Haur eskolatik bertatik hasita, herriko umeak bertan geratzea nahi badugu eta ez herri handiagoetako eskola zein ikastoletan, agerikoa baita joera hori. Arazo handia dakar horrek, ikusi dugu bertako ume batzuk Gernika eta Bermeo bezalako herrietan matrikulatzen dituztela, eta horrek beraien herriarenganako lotura zaildu egiten du. Beharbada, ez zaie erakargarria iruditzen herri proiektua».
Alkateak jakitera eman duenez, udalak lehenengo momentutik adierazi zuen beraiek egingo zirela egin beharreko gastuen kargu: «Partzuergori lehenengo unetik esan nion honek zituen gastuak geure kargu joango zirela. Gela berri bat jartzea, irakasleren bat gehiago sartzea edo dena delakoataz gu egingo gara kargu. Udal moduan egingo diogu aurre honi arazoari».