Gorefest jaialdiak film laburren eskaintza zabala dakar
Antolakuntzako kide Iñigo Atxaren 'Inhumano' film laburra ikusteko aukera egongo da lehenengoz Bermeon eta Euskal Herrian. Bihar, 20:30ean jarri dute hitzordua.
Badator beste behin ere, Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Gorefest jaialdia; izan ere, Bermeoko uztaileko kultur egitarauan lekua hartuta daukan zinema jaialdia da. Aurten ere, film laburren eskaintza zabala dakar Gorefestek. Biharko jarri dute hitzordua, 20:30ean hasiko da, Nestor Basterretxea aretoan.
Terrorea, gorea, suspensea eta umore ona gustuko duten horientzako hitzordua da Gorefest. Zirkua osatzen duten pertsonaiek eta pandemia batek eragindako munduaren amaiera izango da jaialdiaren ardatz nagusia. Aurten, bertaratzen direnek, hamabi film labur ikusteko aukera edukiko dute. Film laburren artean, lehenengoz, Bermeon eta Euskal Herrian Spookypheria Productions elkarteko kide Iñigo Atxaren Inhumano film laburra ikusteko aukera egongo da; izendapen ugari jaso ditu Atxaren filmak, baita ere, sari batzuk. Atxa “pozik” dago bere lana Bermeon jarriko delako, eta dioenez, ez dago urduri, bere lagunetako batzuek ikusita daukatelako eta badakielako gustuko dutela.
Film laburren emanaldia amaitzerakoan, eta atsedenaldi labur batean ostean, film luze bat ere jarriko dute. Kaleko animaziorik egongo ez bada ere, zinema barruan ustekaberen bat edo beste egon daitekeela zehaztu dute antolatzaileek.
Sarrerak 5 euro. Gorefestaz gozatu gura duten horiek 5 euroko sarrera ordaindu beharko dute, eta sarrerak bihar bertan erosi daitezke Nestor Basterretxea aretoan, jaialdia hasi baino ordubete lehenago hasita. Jendea gogotsu ikusten dutela diote antolatzaileek, eta, hortaz, jaialdiak harrera ona edukitzea espero dute.
JARRIKU DITUZTEN FILM LABURRAK
1. Follow. Felix Charin
2. La Luz. Iago de Soto
3. Lovemaking Of Trolls. Felix Charin
4. Dar Dar. Paul Urkijo
5. Dana. Lucia Forner Segarra
6. Inhumano. Iñigo Atxa
7. Survivers. Carlos Gomez-Trigo
8. Molaphone. Daniel Padro
9. Punto De Giro. Ainhoa Menendez
10. Un Peculiar y Desdichado Nacimiento. S.J. Sanchez
11. Si Te Mueres, Te Mato. Erik Campos
12. Todavia Sigo Vivo. Rafael Nieto
FILM LUZEA
The Medium. Banjong Pisanthanakun