Nogaye Lo talde gernikarrera bueltatuko da
Azken denboraldia Perfumerias Avenidan jokatu ostean, Gernikara itzuliko da Nogaye Lo. Mario Lopez talde gernikarraren entrenatzaileak aitortu du "euren helburu nagusietako" bat zela Loren fitxaketagaz: "Gure helburu nagusietako bat zen taldearen dinamika, jokamoldea eta izaera ondo baino hobeto ezagutzen dituen jokalaria gurera ekartzea".
Malostera itzuliko da Nogaye Lo. Gernikara bueltatzea erabaki du Mallorcako pibotak, eta marea granatearen parte izango da berriro. Azken denboraldia Perfumerias Avenida taldean jokatu eta gero, Lointek Gernika Bizkaiara itzultzea erabaki du, eta, 2019-2020 eta 2020-2021 denboraldietan hasitako lanari jarraipena emango dio.
Izan ere, bere mailarik onena eman zuen Lointek Gernika Bizkaian. Bere jokoaren maila nabarmen igo zuen, eta Emakumezkoen Endesa Ligako pibotik onenetarioa izan zen. Aurrerapauso horrek Euroligan eta Perfumerias Avenidan jokatzeko aukera eskaini zion, baina, Salamancan, lesioen ondorioz, ezin izan du bere mailarik onena erakutsi: 10 minututan, bataz beste, 3,9 puntu eta 2,3 errebote lortu ditu.
Orain, Gernikara itzuliko da, taldearen barne jokoa indartzeko, eta lehen mailako pibota izateko. Mario Lopez talde gernikarraren entrenatzaileak aitortu du “oso pozik” daudela Loren fitxaketagaz: “Udako gure helburu nagusietako bat zen zaleek hainbeste maite duten eta taldearen dinamika, jokamoldea eta izaera ondo baino hobeto ezagutzen dituen jokalaria gurera ekartzea. Taldean jokalari garrantzitsua izateko gogo askorekin itzuliko da, eta gure desioa da Malosten jokatu zituen bi urteetako maila bera erakustea”.
Lorena taldearen hirugarren fitxaketa da, eta, gaur gaurkoz, zazpi jokalari ditu Lointek Gernika Bizkaiak; batzuek kontratua berritu dute: Lo, Laura Spreafico, Marta Alberdi, Sandra Ygueravide, Itziar Ariztimuño, Roso Buch eta Gabiya Meskonyte.