Agur Taldea: "Jendeak lehen unetik eskaini digu izugarrizko babesa"
Ibai Beristain ‘Toni’-k, Jon de la Fuente ‘Dela’-k eta Martin Elgezabal ‘Martintxo’-k osatzen dute Agur musika taldea. Lehenengo lana aurkeztu berri dute.
Nola sortu da proiektua?
Ibai Beristain: Martinek eta biok talde bat geneukan Remen Txikigaz batera. Remen oso lanpetuta zebilen, eta bere ordez Dela etortzen zen bateria jotzera. Hirurok batera ibiltzen ginela ikusita, Labanako emanaldi batean Sex Pistols taldearen bertsio batzuk jotzera gonbidatu gintuen Ainhoak. Eskaera hori jaso genuenean, pentsatu genuen: ‘eta zergaitik ez dugu talde bat egiten?’, eta horrela jaio zen taldea. Esan behar da emanaldi hori ez zela egin, baina taldea jaiotzearen arrazoi izan zela.
Noiz izan zen?
Jon de la Fuente: Pandemia garaian izan zen. Joan den urte hasieran, gutxi gorabehera. Grabaketa lanak udan egin genituen.
Norena izan zen taldea sortzeko ideia?
I.B.: COVID-19ak eragindako etxeratzea amaitu zenean eta 20:00etara arte atera ahal zen egun haietako batean, Martin eta biok Iparragirren batu ginen. Halako batean, Martinek bota zuen Rock&Roll talde bat egin nahi zuela, eta ia animatzen ginen. Hori izan daiteke abiapuntua.
Musika munduan urte batzuk daramatzazue, ezta?
Martin Elgezabal: Nik Backbone taldean jotzen nuen. Beti izan naiz taldeko ahotsa. Baina entsegu tarteetan gitarra edo bateria hartu eta han hasten nintzen zarata pixka bat ateratzen. Denboragaz zaletu egin naiz, eta orain baterian nago.
J.F.: Ni Argi Ilunaken egon nintzen 2009tik 2011ra. 2019ra arte, Backbonen parte izan nintzen. Horren ostean, Asier Ardanzagaz proiektu bat hasi nuen, eta pandemia ostetik Agurren nago.
I.B.: Agertokira igon nintzen lehen aldia Iparragirre zaharrean izan zen, kuadrillako lagun batzuekin batera. Hortik Ruina Total taldea sortu genuen, baina Belendizko jaietan jotzera baino ez ginen heldu, eta hor utzi genuen. Ostean, 2010ean, Primeros Auxilios sortu genuen, orain stand by-n dagoen proiektu bat dela. Baditut beste pare bat proiektu stand by-n geratu direnak. Stand by-en proiektuetako mutila naizela esan dezakezu.
Proiektuaren hasieran Gabi ere zuekin ibili zen, ezta?
I.B.: Rock talde guztiek norbait bota behar dute taldetik. Gabi horretarako hartu genuen (barre artean). Orain, seriotasunez hitz egiten, esan behar da Gabi taldean sartzeko ideia trago artean irten zela. Bagenekien zaila zela ondo irtetea, bera ez delako inoiz talde baten parte izan. Hala ere, saiatu ginen, baina kanpoan bizi zenez ezin genuen entsegatu, eta berak erabaki zuen ezin zuela proiektu honegaz jarraitu. Esan beharra dago diskoan bere koruren bat badagoela.
Zer da Iparragirre elkartea zuentzat?
J.F.: Martin eta biok elkartean sartu ginenean, ez zegoen ia ezer eginda. Elkarteari forma ematen lagundu genuen, eta buru-belarri murgildu ginen proiektu honetan. Sartu ginenean izugarrizko harremana egin genuen beteranoenekin, eta horrek Iparragirregaz harreman oso estua izatera eraman gintuen. Orain, kontrakoa gertatzen zaigu, gazteenekin, Kolpekako gazteekin, izugarrizko harremana egin dugu. Bizi izan genuena orain beste partetik bizi dugu. Iparragirreri esker sortu garen talde bat garela esan genezakegu.
Pandemia garaiko talde bat zaretela esan daiteke?
M.E.: Pandemiak eragin ez dien talde gutxienetakoak gara. Talde baten lehen fasea sorkuntzakoa izaten da, eta pandemiak alde horretatik asko lagundu digu.
Zuzenekoetarako gogo handia al daukazue?
I.B.: Zuzenekoak egiteko itzelezko gogoak dauzkagu. Lehenengo kontzertua eman dugu, eta gehiagorako gogoekin utzi gaitu. Hala ere, esan beharra dugu ez dugula kontzertuetarako bakarrik entsegatzen, baizik eta batera jotzen asko gozatzen dugulako. Jendeak lehen unetik eskaini digu izugarrizko babesa. Oso eskertuta gaude.
Nola aldatu zarete batzen hasi zinenetik?
J.F.: EPa orain dela urte bat grabatu genuen. Bi urteko bizitza duen talde batentzat urte batean gauza asko aldatzen dira. Diskako abestiak oraindik gauzak oso argi ez genituela grabatu genituen, eta pixkanaka-pixkanaka burua argitzen joan gara. Esperimentu moduko bat izan da lehen lan hori.
Nola definitzen zarete talde modura?
J.F.: Oso jatorrak gara.
I.B.: Desastre bat.
M.E.: Birtuosismo ilustratua. Marabilla bat.
Zelakoa da aurkezpen EPa?
M.E.: Hemen egiten diren gauzekin alderatuta, gauza nahikoa desberdin bat egin dugula uste dugu. Rock oso freskoa dela esango genuke, udako rocka. Patroi zehatz bat jarraitu barik egin den lan bat dela nabaritzen da. Estilo desberdinetatik gatozen hiru musikari gara.
Zein da jotzen gehien gozatzen duzuen abestia?
J.F.: Bakoitzak bere abesti gogokoena daukala esan daiteke. Normalean gehien gustatzen den abestia ateratako azkena izaten da, baina hori oraindik ez dugu publikatu. Nobedadea beti gustatzen da. Hamar kontzertu barru bakoitzak bere gustukoena argiago edukiko du.
Argi zeneukaten euskaraz abestuko zenutela?
I.B.: Taldea osatzeko ideia bota genuenean, esaldi hau bota genuenen, espainolez, noski: “Eingoguz makarradak euskeraz?”. Euskaraz egingo genuela argi izan genuen lehen unetik, eta gure abesti guztiak euskaraz egingo ditugu.
Zehaztu al dituzue taldearen hurrengo helburuak?
I.B.: Gogo handiak ditugu geuk egindako beste disko edo maketa berri bat ateratzeko. Momentu honetan zazpi abesti dauzkagu, baina joan den astean beste bi abestiri forma ematen ibili ginen. Momentuz, helburu bakarra ondo pasatzea eta ahalik eta gehien jotzea da.