NATOren eta Europar Batasunaren diskurtsoen aurka agertu dira
Udalerriko herritar taldeak salatu du «bidegabekeria handia» dela Gernikako herria bakearen sinbolo gisa erabiltzea NATOren, EBren eta Zelenskyren gerrak babesteko. Mobilizazioa egingo dute, bihar 19:30ean, Merkuriotik hasita.
Nazioarteko hainbat politikarik eta agintarik Gernikaren sinbolismoaren eta irudiaren erabilpen “maltxurra” egin dutela salatzeko, herriko memoria antifaxista aldarrikatzeko eta Madrilen hasi den NATOren goi bilkuraren aurka protesta egiteko kalera atera dira Gernika-Lumoko herritarrak; hala, NATOren eta Europar Batasunaren “diskurtso hegemonikoen” kontra egin dute Merkurion.
Madrilen NATOren goi bilkura egiten ari direla salatzeko, gainera, bihar arteko elkarretaratze iraunkorra hasi dute Merkurion, eta biharko 19:30ean emango diote amaiera, mobilizazio baten bidez.
Gernika bakearen ikurra dela adierazi dute, “justizian eta errespetuan oinarritutako bakearena”, eta Gernika euskal askatasunen ikur izateagatik bonbardatu zutela gogoratu dute: “Heriotza eta suntsipen mezua zabaldu nahi izan zuten”. Eta, 85 urte beranduago, Volodomir Zelensky Ukrainako presidenteak Espainiako parlamentuan Gernikaren sinbolismoa erabili izana salatu dute: “Apirilaren 5ean bideokonferentziaz hitz egin zuen eta ia aho batez txalotu zuten politikari guztiek, lehen mailako ustezko erreferente demokratiko gisa. Politikari horiek Zelenskyren benetako aurpegia ezkutatu zuten: AEB eta Europar Batasunaren interesetara markatutakoa, NATOren basailu leiala, bere herriaren historia eta kultura propioari uko egiten diona”.
Adierazi dute Zelensky “Mendebaldeko inperialismoaren Troiako zaldia” dela, “indarkeriaren bidez Errusia mehatxatu gura duena”. Diotenez, Donbass eskualdeko “gerra babestu” du, eta, 8 urtez, “16.000 zibilen heriotza eragin” ditu. Gainera, salatu dute Ukrainako armadan naziek parte hartzen dutela eta horien askatasuna eskatzen duela Ukrainako presidenteak: “Oposizio politikoa legez kanpo utzi du eta kontakizun arrazista eta supremazista batean oinarritzen den nazionalismo ukrainar bazertzailea inposatzen du. Errusiera ere jazarri eta debekatu du Donbass eta Odessan”.
“Mendebaldearen babesagaz”, Zelenskyk Minskeko akordioari “sistematikoki” uko egin diola azpimarratu dute, eta gaur gaurkoz “arma gehiago eta gerra gehiago” eskatzen darraiela salatu: “Hala agintzen diote Joe Bidenek, Josep Borrellek, Boris Johnsonek, Ursula von der Leyenek eta buruzagi globalistek”. Horregatik guztiagatik, herritar taldeak uste du “bidegabekeria handia” dela Gernikako herria bakearen eta askatasunaren sinbolo gisa erabiltzea NATOren, EBren eta Volodomir Zelenskyren gerra kausa babesteko. “Herri honetan borroka antifaxista izan dugu, eta, gaur, hemen, hori berresten dugu”, adierazi dute.
NATOri ezetza
Hego Euskal Herriko udalerri bakoitzean NATOn sartzeko 1986ko erreferendumean eman zen ezetza “borobila” izan zela ere gogoratu dute gaurko agerraldian: “Gernikan, zehazki, 6.000 pertsonak baino gehiagok adierazi zuten erakundearen aurka zeudela, eta 2.000 lagunek, berriz, babesa adierazi zioten”.
NATOren politikek eta Europar Batasunak “milaka biktima” eragin dituztela adierazi dute: “350.000 biktima zibil XXI. mendean, hala nola Libian, Afganistanen, Yemenen, Palestinan, Iraken, Sirian edo Jugoslavian”. Joan den astean Melillako hesian gertatutakoa ere salatu dute, baita Pedro Sanchezek polizia marokoarra zoriondu izana ere. “Gogoan izan gura dugu saharar herria, ahanzturara eta etsipenera kondenatua, NATOren eta Europar Batasunaren aliatu estrategikoa den Marokoko Erresuma asetzeko erabiltzen dutena”, gehitu dute.
Hori dela eta, NATOren eta Europar Batasunaren interesen aldeko “diskurtso hegemonikoari” aurre egiteko antolatu dira, “baliabide gutxirekin baina borondate handiarekin”, eta borroka “antinperialista” supertzen saiatzea da euren erronka: “Gernikako bonbardaketa izan eta 85 urtera, eta porrot historikoak gorabehera, faxismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokan konprometituta jarraitzen dugu”.
Hala, “errespetua eta apaltasuna” oinarri hartuta lan egingo dutela adierazi dute, borroka berriak bultzatzeko zubiak eraikitzen jarraitzeko: “Gure bihotza munduko edozein lekutan bidegabekeriaren aurrean matxinatzen diren borrokalariekin dago, eta gaur bereziki Madrilen Inperio dekadentearen aukako erresistentzia antifaxistaren bandera altxatzeagatik kriminalizatu, seinalatu eta jazarritako pertsona guztiekin”.