Gernika Atletismo Taldekoak, nagusi etxean nahiz atzerrian
Gernika Atletismo Taldeko Alluitz de Bilbao eta Jone Oar-Arteta 39. eta 31. izan dira Mendiko Mundu Kopan, Italian. Bestalde, Oier Beaskoetxeak 300 metroko hesidun proba irabazi du Donostian.
Gernika Atletismo Taldeko Alluitz de Bilbaok eta Jone Oar-Artetak Mendiko Mundu Kopan lehiatu zuten domekan, Espainiako Selekzioagaz. Saluzzon izan zen proba hori, Piamonte inguruan, eta nazioarteko mendi korrikalaririk goi-mailakoenak bertan izan ziren. De Bilbaok eta Oar-Artetak sailkapeneko lehendabiziko berrogei onenen sailkapenean sartzea lortu zuten, hurrenez hurren, 31. postuan eta 39.ean amaitu zuten lasterketa.
16 eta 18 urtez azpikoen probetan maila “oso handia” izan zela adierazu dute Gernika Atletismo Taldeko ordezkariek; Alyssa Sauroa estatubatuarrak eskuratu zuen garaipena. Podiuma britainiar bik osatu zuten: Rebecca Flahertyk eta Jess Baileyk. Horrenbestez, bi korrikalari gernika-lumotarrek aurtengo “denboraldi bikaina” borobildu dute. Gainera, diziplina arteko aniztasun esanguratsua erakutsi dute: krosean nahiz mendiko probetan nagusi izan dira.
Donostian ere maila onean. Bestalde, Gernika Atletismo Taldeko Oier Beaskoetxeak, Euskadiko txapeldunak, 300 metro hesidunen lasterketa irabazi zuen asteburuan, Donostian; Beaskoetxeak 43 segundo eta 95 ehunen behar izan zituen lasterketa irabazteko. Ugaitz Madariaga eta Jon Gajate izan zituen lagun podiumean, segundo batera. Euskadiko txapelduna ere “maila oso handian” ibili da krosean nahiz pistan. Horrez gain, bere garaipenak “balio bikoitza” duela adierazi dute taldetik: “Une honetan, 300 metroko hesidun proban azkarrena dela erakusten du, batetik; bestetik, berriz, Gernika-Lumok ez du pista azpiegiturarik eta, beraz, entrenamendu espezifiko barik lortu du domina”. Pistaz gain, azpiegitura gabezia hori igartzen dute Gernika-Lumoko taldekoek luzera jauzian, jauzi hirukoitzean, altuera proban edota pisu, mailu zein xabalina jaurtiketetan. Dena dela, maila bikainean aritzea lortzen dute.
Domekan Donostian lehiatutako proba, beste alde batetik, Asier Odriozolak zuzendutako azken proba izan zen, hamabi urtez gazte nahiz kadete mailakoen ardurapean egon ondoren. Horrenbestez, atletak “omenaldi hunkigarria” egin zioten beren entrenatzaileari.