Hasi da Omako Basoko artelanak lekualdatzeko lehen fasea
Bi fasetan egingo dituzte baso margotua lekualdatzeko lanak: lehenengoa, aurtengo udan, eta, bigarrena, datorren urteko uda garaian. Basoa margotzeko prozesua 2023ko udan amaituko da.
Joan den astean hasi zuten Agustin Ibarrolaren Omako Basoa lekualdatzeko prozesua. Fernando Bazetaren –Agustin Ibarrolaren obran aditua da– gidaritzapean hasi dira lekualdaketa gauzatzen bi artista plastiko, lau zaharberritzaile, Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko ikasle bi, euskal arte garaikideko espezialista bat, arkitekto bat eta Basalan foru enpresa publikoko baso adituak. Horrez gainera, taldeak aldundiako Kultur Ondareko Zerbitzuaren aholkularitza jasoko du, eta Ibarrolaren seme Jose Ibarrolak ere parte hartuko du.
Duela bi urte “hasi zen hiltzen” Ibarrolaren basoa, eta hori Basobarri basora lekualdatzea erabaki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak; azaldu zuten, obra eta beraren ingurunea ezagutzen zuten adituekin ondorioztatuta, egokiena zela obra antzeko beste leku batera lekualdatzea. “27 aukera desberdin izan genituen, adituekin aztertu zirena, eta, azkenena, Basobarri basoa aukeratu zen lekualdaketa gauzatzeko. Egun oso garrantzitsuak dira hauek, Omako Basoan ikusiko ditugun lehen multzo artistikoak egiten ari direlako jada”, adierazi du Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak.
Zehaztu dutenez, eguraldiak eraginda, talde horrek bi fasetan egingo ditu baso margotua lekualdatzeko lanak: lehenengoa, aurtengo udan, eta, bigarrena, datorren urteko uda garaian. Basoa margotzeko prozesua 2023ko udan amaituko da, eta, orduan, zabalduko da berriro baso margotua.
Izan ere, gaur gaurkoz, Omako Basoa erabat itxita dago bisitarientzat. Dena dela, uztailaren 25etik aurrera bisita gidatuak egin ahal izango direla zehaztu du Ahaldun Nagusiak, eta, horretarako, aurretiaz izena eman beharko dela adierazi du: uztailaren 15etik aurrera, 94 465 16 57 telefonora deitu beharko da basoa bisitatzeko. Itundutako bisita horiek irailera arte egin ahal izango dira.