Gernika-Lumo gerlarien egoitza izan da
Domekako Gernika-Lumoko III. Gerlarien Erronkak 2.000 parte hartzailetik gora elkartu ditu. 'Asebeteta' geratu dira antolatzaileak aurtengo oztopo probagaz: oztopo berriak arrakastatsuak izan dira, eta gernikarrek babesa eman diote probari.
III. Gerlarien Erronkak Gernika-Lumoko kaleak hartu zituen atzo. 09:00etatik aurrera, hogei minuturo aterata, 2.000 gerlari baino gehiagok parte hartu zuten mundu mailan ospea duen oztopo lasterketa gogorrean. Goiz osoan zehar egindako euriak eta giro lainotsuak ere ezin izan zituzten gelditu parte hartzaileak, eta 150eko multzoetan banatuta, Santana aparkalekuko, Karlos Gangoitiko, Urbietako eta gainontzeko inguruetako oztopoak igaroz joan ziren.
Antolatzaileen arabera, parte hartzaile “lehiakorrak” eduki arren, probaren benetako esanahia “lagunartekoa eta aisialdikoa” da. Era berean, “asebeteta” geratu dira gerlariek izandako jarreragaz eta Gernika-Lumoko udalerriak probari emandako “harrera onagaz”. Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño bera ere proba amaieran zein sarien banaketan izan zen.
Oztopo probaren hirugarren aldia “ederra” izan dela adierazi dute, eta “prest” daude, honezkero, datorren urteko ediziorako. Ikusle gehien bildu zituzten inguruak Urbieta eta Santanako aparkalekua izan ziren, bertan kokatuta baitzeuden aurtengo oztopo berrietako zenbait.