Busturialdeak abiatu du KAE1 mailako erronka
Asteburuan Zumaiako estropadan lehiatu du Busturialdeak, eta hamaikagarren sailkatu da. Denboraldia Pasaian hasi zuten, joan den domekan; han hamabigarren izan ziren. KAE1eko sailkapen orokorrean, hamaikagarren postuan dago.
Busturialdeak hasi du KAE1 ligako erronka. Iaz KAE2 ligan nagusitu eta igoerarako txartela erakutsita, taldearentzat “urte berezia eta lehia gogorra” izango zela aurreratu zuten, eta, dagoeneko, lehiatu ditu ligako lehendabiziko bi estropadak. Azkena atzo izan zen, Zumaiako uretan lehiaturiko Zumaiako 37. Estropadan.
Arkote Seguros Bilbao taldeko arraunlariak gailendu ziren, 21.42,22ko denbora eginda eta, ondorioz, hamabi puntu eskuratuta. Busturialdea lehen txandan lehiatu zen, eta 22.48,13ko denbora behar izan zuen estropada osatzeko. Sailkapen orokorrean, ostera, hamaikagarren postuan dago kokatuta Busturialdeko klubek osaturiko trainerua, hiru puntugaz. Sailkapen horretan ere Arkote da nagusi, hogeita lau puntugaz; atzetik ditu, hurrenez hurren, hogeita bi puntu dituen Sanpedrotarra eta hamazazpi dituzten Zarautz Gesalaga Okelan nahiz San Juan.
Hurrengo estropadak datorren asteburuan lehiatuko ditu Busturialdeak. Zapatuan, hilaren 2an, Castro Urdialesen, Kantabrian, egongo dira; domekan, ostera, etxeko estropada lehiatuko dute, Elantxoben.