Ane Zuazubiskarrek jantzi du Argi Baltza sariketaren txapela
Maila handiko saioa eginda, berak hartu du Mikel Retolazaren erreleboa. Aner Peritzekin batera buruz buruko saio ederra eskaini ostean jantzi zion txapela Onintza Enbeitak atzo. Eurekin batera aritu ziren finalean Aitor Etxebarriazarraga, Mikel Retolaza, Ibai Amillategi eta Sarai Robles.
Ane Zuazubiskarrek irabazi du Jon Lopategi omentzeko bigarren urtez antolatu duten Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketa. Maila handiko saioa eginda, berak hartu du Mikel Retolazaren erreleboa. Aner Peritzekin batera buruz buruko saio ederra eskaini ostean jantzi zion txapela Onintza Enbeitak. Lilibertsorentzat erreferente bakarrik ez, lagun eta abenturakide fidela da Enbeita, eta bera arduratu zen bertsolari arrasatearrari txapela janzteaz.
Muxikako Urretxindorra eskolan jokatu zen finalera 80 ikus-entzule inguru baino gehiago bertaratu ziren, eta maila handiko finala izan zela nabarmendu dute Lilibertsoko antolatzaileek. “Oso ondo aritu ziren bertsolari guztiak, duten maila handia erakutsi zuten. Eskualdekoek zein kanpokoak oso ondo abestu zuten. Busturialdeaz kanpoko bertsolariak ekartzearen aldeko apustua egin genuen, eta eragina izan du, maila handia erakutsi baitute gazteek”, azaldu dute.
Bi fasetan banatu zuten finala: sailkapen fasea eta buruz burukoa. Lehenengo fasean, ofiziotan aritu ziren bertsolariak, zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian; gero, kartzelakoan, bi puntu erantzun behar izan zituzten, baita bakarkako bi bertso bota ere. Lehenengo fasea amaituta, Zuazubiskarrek eta Peritzek bildu zituzten puntu gehien, eta eurak sailkatu ziren buruz burukora; ofiziotan aritu ziren, eta bakarkako beste bertso bat bota zuten. “Buruz buruko lehenengo ariketan, Iparragirre doinuan ofizioetako ariketa bat egin behar izan zuten. Norberaren amaren ikuspuntua jorratu zuten, eta buruz burukoa lehiatzear zeuden bi seme-alabei buruz bota zituzten bertsoak”, azaldu dute antolatzaileek. Bakarkakoan, ispiluaren aurrean jarri zituzten finalistak, eta euren barruan gordetako guztiak azaleratu zituzten: “Gorputzei buruzko hausnarketak egiteko tartea hartu zuten biek ala biek”. Buruz buruko lehia “oso gogorra” izan zen, batak zein besteak irabaz zezakeen.
Eskualdeko bertsolariek egin duten lanaz ere “pozik” agertu dira Lilibertsokoak; izan ere, bertoko hiru bertsolarik abestu zuten finalean: Mikel Retolazak, Aitor Etxebarriazarragak eta Ibai Amillategik. Eurez eta finalistez gain, Sarai Robles igo zen oholtzara. “Etxebarriazarraga hirugarrena izan zen, eta Retolaza eta Amillategik laugarren postuan berdindu zuten. Eskualdean maila ona dagoela erakutsi zuten”, aitortu dute.
Bertsolari guztiek, sari modura, Baserritik Gernikarako kutxa bat jaso zuten.
Balorazio, “oso ona”.
Finala lehiatuta, txapelketaren balorazio “oso positiboa” egin dute Lilibertsokoek. “Oso positiboa izan da egin dugun balorazioa, baina lan asko suposatzen duen txapelketa da hau. Mimo handiarekin prestatzen dugu, baina lan asko suposatzen du”. Hala ere, emaitza onak lortu dituztela nabarmendu dute: “Jendeak ondo erantzun du, saio eta kanporaketa guztietara jendea bertaratu da; guretzako garaipen bat da hori”.
Hala, sariketa antolatzen jarraitzearen alde egingo dute datorren urtean. “Txapelketa sortu genuenean argi geneukan urtero antolatuko genuen sariketa izango zela. Aurten fokua zabaldu dugu, eta datorren urtean ere hala egiten jarraituko dugu. 18 urtetik 30 urtera arteko bertsolari gazte asko daude Euskal Herrian, eta aukeraketa zabala egin beharko dugu. Oso ondo atera da aurtengoa, eta, espero dugu hurrengo urtean ere hala izatea”.