San Joan suek Busturialdea koloreztatu dute
Busturialdea atzo laranja kolorez jantzi zen. Eskualdeko ia herri guztietan San Joan bezperako suak piztu zituzten, eta jai giro ederra egon zen. Gaur, bermeotar asko, Gaztelugatxeko San Juanerako bidea egiten ari dira.
Egun guztia zeruari begira ibili ostean, eguraldia txintxo ibili zen arratsalde-iluntze partean, eta San Joan suak piztea posible izan zen. Busturialdeko ia herri guztietan piztu zituzten San Joan bezperako suak, eta giro ederrean ospatu zuten gaua eskualdean.
Txarrak sutan erre eta garai hobeak eskatzeko erabili dituzte askok eta askok suak. Garai hauetan ohikoa den bezala, sare sozialak suen argazkiekin bete ziren; hala, euskaldunen ohiturek bizirik jarraitzen dutela argi geratu da.
Bermeon, esaterako, ehundaka lagun batu ziren Goiko Plazan biztutako suaren inguruan. Herrian garrantzia berezia dute sanjoanak eta horrela erakutsi zuten beste behin ere bermeotarrek. Atzoko eguna gutxi ez balitz, gaur Gaztelugatxera joaten ari dira herritar asko eta asko; Bermeotik oinez egiten dute bidea askok, baina autobusez edo autoz ere badoaz beste batzuk. Aurten, gainera, udalak autobusak jarri ditu Gaztelugatxera joateko.
06:30ean izan da Gaztelugatxeko baselizan lehenengo meza, eta denetara, sei meza egongo dira. Kanpai hotsa ere urrunetik entzuten da gaur, baselizaren kanpoan dagoen kanpaiari tiraka ari dira gora heltzen diren guztiak, hori baita ohitura. Gora iritsi eta pintxoa jateko aukera badago, eta zelan ez, eskapularioak saltzen ere badabiltza baselizaren kanpoaldean.
Mundakan ere jai giroan ospatu zuten urteko gaurik laburrena. Arratsaldea txistulariek girotu zuten, eta Errekan umeek sorgin txikia erre ostean, gauean, herrian ohitura den bezala, sorgin erraldoi bat erre zuten. Aurten, hala ere, sorgina erretzearen aurkako protestak egon dira herrian.
Sukarrietan, Muruetan eta Foruan ere, suarekin agurtu zuten urteko egunik luzeena. Suaz gain, jarduera desberdinak eduki zituzten hiru herrietan eta herritar zein inguruko jende “nahikotxo” hurbildu zen.
Busturian, zoritxarrez, ezin izan zuten San Joan sua piztu. Aitor Aretxaga alkateak azaldu duen bezala, goizean sua egitekoa zen tokira hurbildu ziren teknikariak: “Erre behar zena bustita zegoela ikusitaeta Eusko Jaurlaritzak iragarritako abisu horia zela eta, ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuten, pena handiz”.
Gernikari dagokionez, Lurgorriko auzoan egin zen San Joan Eguneko sua. Landa haundi baten batu ziren herritarrak eta sua egunez piztu zen arren, iluntzen zuen bitartean suak nolako indarra hartzen zuen ikustea lortu zuten bertaratutakoek.
Arratzu, Elantxobe, Ereño eta Errigoitin ere giro ederra piztu zen. Eguraldi ona zegoela ikusita, herritarrak su ingurura hurbildu ziren eta egunean zehar esperotakoa baino jende gehiago batu zen.
Nabarniz, Mendata, Gautegiz Arteaga eta Ibarrangelu ere ez ziren atzean gelditu. Suaz gain, jan-edanak zituzten, eta horrek jendea erakarri zuen.
San Joan suak orain dela ehundaka urtetik ospatzen den ohitura bat izan arren, badaude herri edo auzo batzuk berritzen jarraitzen dutenak. Horren eredu izan zen Muxikako Ajuria auzoan egin zuten festa. Lehen aldiz egin zuten sorgin jaia, andreen antzerki taldeak antolatuta. Jende asko batu zen auzoko frontoi ondoko landan, eta festa giroan ospatu zuten iluntzea. Gorozikan ere suak izan zituzten ilunabarrarekin batera.