Mundakarrak jaietan murgildu dira
Esperotakoa baino jende gehiago batu da Mundakako kaleetan. Jendeak jaietarako gogoa dauka, eta dena ematen hasiak dira asko eta asko.
Mundaka gaur murgildu da jaietan, eta jai giro aparta nabaria da kalean. Lan eguna izan arren, jende “nahikoa “batu da kaleetan eta jaiei hasiera emateko prest dabiltza.
Gaurko ekitaldi bereziena Basaranetik egiten den jaitsiera bada ere, herri bazkariagaz gozatu dute eguerdi-arratsalde inguruan hurbildutakoek. Janaria 15:00etan hastekoa bazen ere, jaietan ohikoa den bezala, ordu bat atzeratu da. 16:00ak inguruan jesarri dira bazkarirako izena emanda eduki duten 135 pertsonak eta musika izan dute giroa alaitzeko.
Bi menu desberdin izan dituzte aukeran; gehienek, makarroiak, solomoa eta pantxineta aukeratu dituzte. Bestea, menu begetarianoa izan da, barazki paella, barazki lasagna eta pantxineta jan dituzte.
Herri bazkaria ordu bat beranduagoa asteko arrazoietako bat izan da 13:30etan hasi den bertso poteoa. Bertsolariak Onintza Enbeita, Koldo Gezuraga, Koldo Muñiz, Ander Elortegi eta Xabat Galletebeitia izan dira. Elortegik azaldu duenez, “hasierako giroa pixka bat hotza izan da. Hala ere, denborak aurrera egin ahala jendea berotzen hasi da eta oso pozik bukatu dugu. Asko disfrutatu dugu“.
Herri bazkarian, Berta Ordorika mundakarrak adierazi duenez, “gazteak zein zaharrak batzen dira. Herri guztia batzeko aukera ederra baita”.
Jendea gogotsu egon da eguneko lehen partean. Gainera, kuadrilla batzuk mozorrotu egin dira eta kolorea eman diote jaietako lehen egunari.
Argazki galeria
Basaranetik Jaitsiera. Goizean giro ederra egon baldin bada, arratsaldean festak eztanda egin du. Bazkariak jendea poztu du, eta Basaraneko Jaitsieran sortu den atmosfera izugarria izan da.
19:30etik hasi da jendea jaitsiera hasierara hurbiltzen. Urduritasun puntu bat nabari zitzaien askori, bi urteren ostean berriz ere jaietaz normalatasunez bizitzeko aukera oso hurbil ikusten baitzuten.
Zortzirak pasautsuan hasi du traktorak bere ibilbidea. Traktor gainean musika jartzaile bat joan da eta bera izan da jendea animatzeko arduraduna. Abesti ezinhobeak aukeratuz mundakarrak zein hurbildutakoak dantzan jarri ditu eta barre aurpegiak baino ez dira ikusi.
Ibilbidean zehar gero eta jende gehiago joan da batzen eta izugarrizko pelotoia osatu dute bertaratutako guztiek. Berriz ere jaietaz gozatzeko aukera sentitu dute eta argi dago topera aprobetxatuko dituztela.